Onartu egin dira 2010 urterako aurrekontuak. Atzoko Udalbatzarrean Udal Gobernu Taldearen aldeko bost botuek eta EAJ osatzen duten hiru zinegotzien abstentzioak aurrekontuak onartzea ahalbidetu zuen. Saio aretoak ez zuen izan orain urtebete izan zuen jendetza. Guztira, zazpi lagun baino ez. Ordea, iaz pasa ez zena eta legealdi honetan lortu ez dena atzo egin zen: aurrekontuak onartu egin ziren. Krisiak apur bat ikututako aurrekontuarekin konpondu beharko du udalak, 4.408.229,0 eurorekin.
EAJk erantzukizunez jokatzeko eskatu dio Udal Gobernu Taldeari
EAJk hartu zuen hitza lehenengo eta bere proposamenak eta horien gainean Udal Gobernu Taldearen erantzunak ahoz goraz irakurri zituen puntuz puntu. Bere botu azalpenean aurrekontuaren memorian jasotako zati bat aipatu zuen, hain zuzen udalak aurten jasaten duen egoera ekonomiko larria aipatzen duen zatia: "Konsziente gara gaur egun jasaten dihardugun krisi ekonomikoak eragin garrantzitsua izan duela aurrekontuaren egikaritzan. Ondorioz, erantzukizunez jokatu du eta abstenitu egin da" esan zuen Iker Aldazabal EAJko zinegotziak.
Soledad del Bosque: "Gure proposamenak ez dituzte aintzat hartu"
PSE-EE taldeko zinegotzi Soledad del Bosquek bere alderdiak aurrekontuei egindako proposamenak aintzat hartu ez izana salatu zuen eta gogoratu, Plaentxi Herri Ikastetxean fatxada ipintzeko proposamena orain urtebete baino gehiago luzatu zutela eta orduan "zentzugabekeria bat" zela entzun behar izan zutela. Hala ere, bera pozik azaldu zen behintzat bi urteren ostean aurrekontuek aurrera egingo dutelako. Maria Garmendia PPko zinegotziak ere aurka bozkatu zuen, ez zuen ordea botu azalpenik eman.
Roke Akizu: "Denak askoz hobeto funtzionatuko du aurrekontuak onartuta"
Udal Gobernu Taldeak bi botu azalpenei erantzun egin zien eta egindako proposamenen gainean hartutako erabakiak arrazoitu zizkien. Roke Akizu EAko zinegotziak jeltzaleei eskerrak eman zizkien aurrekontuen gainean jarrera aldatu izanagatik. Gehitu zuen lurrazpiko edukiontzien gainean zein Erregetxeko lurren gaiaren inguruan dauden eztabaidak hobeto joateko modua izan daitekeela: "Denak askoz hobeto funtzionatuko du aurrekontuak onartuta". Bukatzeko, sozialistek elkartasun fondoko 6.000 euroak Haitira
bideratzeko proposamenaren harira, Soledad del Bosqueri esan zion presoen senideei bideratutako dirulaguntzak ez direla Haitirekin nahastu behar.
Jose Luis Arizaga: "Inbertsio posibleak kanpoko diruen araberaberakoak izango dira"
Ondoren Jose Luis Arizaga alkateak EAJren abstentzioa eskertu zuen berriro, "garrantzitsua delako Soraluzen beste udalerri batzuetan moduan aurrera egitea". Gehitu zuen kanpo finantzaketek baldintzatutako urtea izango dela: "aurtengo inbertsio posible bakarrak kanpoko diruekin egindakoak izango dira. Etxaburueta eta Plaza Zaharreko lanak Izartu II proiektuaren barruan egingo dira, igogailu publikoak egiteko laguntza ere %100 Aldundiak lagunduta dago. Partida hedagarriak dirulaguntza posibleen araberakoak izango dira, kanpo finantzaketak baldintzatuta".
Udal Gobernu Taldearen Proposamen nagusiak
- Futbol zelaia eraberritzea
- Kiroldegiaren kudeaketa berria eta instalazioen hobekuntza
- Zineko egokitzapenak
- Emakume saileko teknikaria kontratatzea
- Maisuen etxebizitzak alokairu sozialera bideratzea
- Igogailu publikoak egitea
- Etxaburueta eta Plaza Zaharra eraberritzea
- Gaztetxokoarendako lokala egokitzea
- Zuntz optikoa herrira ekartzea
Oposizioari onartutakoak
- Zine aretoaren bigarren fasea: 30179 €
- Komun publikoak berritzea: 7430 € partida hedagarria
- Etxaburueta kalean lurrazpiko edukiontziak ipintzea: 7430 €
- Plaentxi Herri Ikastetxean arrapala ipintzea: 5450 € partida hedagarria
- Karakate-Irukurutzetan zuhaitzak landatzea: 4458 € partida hedagarria
- Jolas parkeen mantenurako: 2972 € partida hedagarria