Domekan, 23 urtetik beherako txirrindulari gazteek Soraluzeko XIII Txirrindulari Saria jokatuko dute. Soraluze Kirol Elkarteak antolatzen duen proba goizeko 9:45etan hasiko da Estaziño kalean. Hortik Eskoriatza, Mendaro, Angiozar, Asensio Goia eta Bergara igaroko dituzte. Lasterketa Soraluzeko San Andres auzoan amaituko da, eguerdiko 12:30ak inguruan. Txirrindulari proba dela eta herrian ipiniko diren trafiko seinaleak errespetatzeko deia egin dute antolatzaileek.
Hernandez lesionatuta dago
Denboraldia petral samar hasi du Mikel Hernandez txirrindulari soraluzetarrak. Neguan gogor entrenatu duen arren, orain bi astetatik kirolik egin ezinda dabil giharren kontraktura bat medio. Azaldu duenez "bi aste daramatzat kirolik egin gabe, indarberritu asmoz. Hala ere, ez dut uste domekarako errekuperatuko naizenik, oinez ibiltzean min handia izaten dut oraindik".
Mikel Hernandezek 20 urte ditu eta Euskal Selekzioko Jubenilen taldean ere badihardu. Orain, hilabete barru guztiz errekuperatuta egotea espero du, besteak beste, Valenciaga Memoriala jokatu ahal izateko.