Terrorismoa goratzea egotzi diete Beñat Ezenarrori eta Gorka Salaberria "Txakarrari"

plaentxia_com 2010ko ots. 18a, 13:05

Pasa den astean atxilotu eta aske utzi zituzten bi soraluzetarrek, Beñat Ezenarrok eta Gorka Salaberria "Txakarra"-k, martitzenean izan behar zuten epaiketa Eibarren. Hala ere, azken momentuan euren abokatuak ez joateko esan zien. Izan ere, hasiera batean kalumniak publizitatearekin egotzi bazieten ere, orain, terrorismoari gorazarre egitea leporatzen diete eta euren kasua Madrilgo Auzitegi Nazionalera bidali dute.

Uste dutenez, 2 edo 3 hilabeteko epean jakingo dute nun eta noiz deklaratuko duten. Bi gazteek kontatu dutenez, euren abokatuak "aspaldian horrelakorik ikusi ez" duela esan zien eta euren nahia, kasua artxibatzea da "zentzugabekeria bat iruditzen zaigulako megafonia pasatzeagatik terrorismoari gorazarre egitea leporatzea", diote.
 
"Torturatzea ez da delitua, torturak salatzea bai"
Bi gazteak hurrengo egunetan ospatzekoa zen Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren berri ematen ari ziren, kartelen eta megafoniaren bidez. Orduan atxilotu eta Bergarara eraman zituzten. Bide batez, gau hartan zerabilten bietako baten autoa konfiskatu egin zieten eta egoera berdinean jarraitzen dute, autorik gabe. Haserre daude gazteak, ez zaie logikoa iruditzen pasatzen ari zaiena, "zientzia fikzioa dirudi guzti honek. Antza denez, torturatzea ez da delitua, baina torturak salatzea bai".