Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen atzo gauean

plaentxia_com 2010ko ots. 11a, 12:24

Atzo iluntzeko 20:00ak aldean, Ertzaintzak Beñat Ezenarro eta Gorka Salaberria "Txakarra" soraluzetarrak atxilotu zituen. Bi gazteak Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitaraua zabaltzen ari ziren, megafonia ipintzen eta kartelak pegatzen, Olako zubian. Gauerdian askatu zituzten biak.

Gazteek azaldu dutenez, zubia zeharkatu zutenean Ertzainen bi patruila agertu zitzaizkien eta bidean gurutzatu ziren atzetik zetozen autoak bidean geraraziz. Segidan, bi soraluzetarrak atxilotu eta Bergarako komisaldegira eraman zituzten "kalumniak pubilizitatearekin" egotzita. Bietako baten autoa ere konfiskatu egin zuten.
  
Epaiketa datorren martitzenean
Gauerdiko 00:00etan askatu zituzten bi gazteak, autoa ordea, oraindik konfiskatuta daukate. Esan dutenez, atxiloketak iraun bitarteko "momentu batzuetan jarrera oldarkorra erakutsi zuten" ertzainek.  Datorren martitzenean izango dute epaiketa, otsailak 16an, Eibarko epaitegian. Atxilotuek salatu dutenez, Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguneko kartel guztiak kendu egin dituzte eta atxiloketak salatzeko ipinitako kartel gehienak ere bai.
 
Egitarauak aurrera darrai
Soraluzeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunerako antolatutako egitarauarekin jarraituko du. Gaur arratsaldeko 19:30ean torturak salatzen dituen bideo-emanaldia eskainiko da eta antzerkia jarraian, Zinean. Zapatuan berriz, Torturaren Aurkako Nazioarteko egunean, "Torturari Stop" lelopean manifestazioa egingo da arratsaldeko 19:30ean, Plaza Barritik hasita.