Hiru urte eta sei hilabeteren ostean, joan den abenduaren 17an amaitu zen Regina Maiztegi plaentxiarraren eta beste 12 lagunen kontrako epaiketa, bost egun iraun dituena. Abenduaren 9an Madrilgo Auzitegi Nazionalean hasi zen epaiketa eta 14tik 17ra jarraitu du.
Fiskalak eta AVTk beraien akusazioari eutsi diote, 7 urteko espetxe zigorra eskatzen dute hamairu lagunentzako. Epaiketa amaituta, sententziaren zain daude guztiak. Maiztegiren hitzetan, "hori jakin arte denbora asko pasatuko da oraindik". 2003an atxilotu zituzten hamairu lagunak sarekada prebentibo batean, ETA-ko kide izan edo berarekin kolaboratzea leporatuta, orduan, guztiek salatu zituzten tratu txarrak.