Jade bikote kubatarrak kontzertua eskainiko du gaztetxean

plaentxia_com 2009ko aza. 26a, 13:03

Kantu kubatar garaikidea lantzen duen bikoteak errepertorio propioa eskainiko du bihar, 22:30etan.

 
 
 
 
 
 
Kubatik datorren bikote honek emanaldi akustikoak eskaintzen ditu eta hala egingo du bihar ere gaztetxean eskainiko duen kontzertuan. Jade bikoteak errepertorio propioa du eta musika kubatarraren eta nazioartekoaren arteko nahasketa egiten dute, beti ere, kantu kubatar garaikidea oinarritzat hartuz. Beraz, kontzertura hurbiltzen denak musika tradizionala, garaikidea, kubatarra eta unibertsala uztartzen dituen taldea ikusiko du.
 
Afari begetarianoa eta pelikula domekan
Domeka honetan, iluntzeko 20:30etan, afari begetarianoekin jarraituko dute gaztetxean. Berriz ere, bizimodu berri baten alde, elikatzeko beste bide baten alde egingo dute afari honen bitartez. Tripa bete ostean, pelikula emanaldia izango da, "1984" George Orwellen eleberriaren izen bereko filma. 
 
Harri taila ikastaroa egiteko bilera abenduaren 2an
Gaztetxeak harri taila kurtsiloa egiteko asmoa azaldu du. Kurtsiloaren gora beherak zehazteko, datorren eguaztenean bilera egingo dute iluntzeko 19:00etan. Ikastaroa noiz, non eta nortzuk emango duten hitz egingo da bilera honetan.