Asteazkeneko ohiko saioan, emakumeen indarkeriari aurre egiteko protokoloa aho batez onartu zen. Horrela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planak aurrera egiteko modua izango du, emakumeen topagunearekin batera.
Itzaltze analogikoa
Bestalde, abenduaren 31n itzaltze analogikoa iritsiko da Debabarrenera. Horri lotuta, LTDren (Lurreko Telebista Digitala) inguruan PSE-EEk aurkeztutako mozioa onartu egin zen. Modu honetan, pertsona nagusiek edo ezinduek hargailu digitalak eskuratu ahalko dituzte, lau urterako Estatuaren zesio bati esker.
Hori eskatzeko, talde onuradunen baten baitan daudela frogatu beharko dute: entzuteko edo ikusteko ezgaitasuna izatea, 80 urtetik gorako pertsona bakarrik edo 80 urtetik gorako pertsona batzuekin bizitzea adibidez.
Margoketak
PNV-EAJ, PSE-EE, EA eta PP alderdiek mozioa aurkeztu zuten Soledad del Bosque zinegotzi sozialistaren etxe atarian egindako pintaketak gaitzesteko. Mozioa onartu egin zen berau aurkeztu zuten alderdien aldeko botoekin. Mozioak zinegotziarekiko elkartasuna adierazteaz gain, pintaketak "ekintza faszistak" direla zioen eta biolentzia gaitzetsi eta ETAk bere aktibitatea behin betiko laga dezan eskatu zioten.
Larraitz Lakuesta eta Jose Luis Arizaga zinegotziek kontra bozkatu zuten, euren hitzetan, mozioa "erabat desegokia" zen, batetik, pintaketak "zinegotziaren eraikinean eta ez etxeko atean" egin zirelako, "albisteak izan duen ohiartzuna lar haundia" izan dela, "ez delako tankera honetako margoketak herrian azaltzen diren lehen aldia" eta bukatzeko gehitu zuten "ANV ilegalizatua dagoela eta beraien lanpostuak edozein unetan galtzeko mehatxuarekin bizi direla".