Joana Azpitarte, Berdintasun Teknikariak eta Larraitz Lakuesta, Emakume Saileko batzorde buruak, herritarrei zuzendutako prentsaurrekoa eskaini zuten atzo plenu aretoan. Bertan, Soraluzerako sexuen arteko berdintasunerako lehen plana aurkeztu zuten.
Planaren egituraketa azaldu zuten eta arloz arlo ipiniko diren helburu eta ekintzak esplikatu. Eskuhartzeko eremuak modu honetan banatzen dira: Udala, kultura eta kirola, hezkuntza, lana, gizarteratzea eta osasuna eta hirigintza.
Arloz arloko beharrak eta ekintzak
Zein bere alorrera egokituta, beharrak identifikatu eta asetzeko helburuaz idatzi dute plana.
Kulturari dagokionez, jaietan, emakumeen partaidetza bultzatuko da; kirolean, emakumeari nahi duen kirola hautatzeko aukera emango da; hezkuntzan, irakaslegoa berdintasunaren inguruan formatuko da; lan arloan, etxeko lanen eta zaintza zerbitzuen orduak jaisten saiatuko dira eta hirigintza arloan, herriko leku arriskutsuak identifikatuko eta seguruago bilakatuko dira.
Aurretik, eragile desberdinei aurkeztu zaie ekimena, emakumeen batzordeari, udaleko langileei eta emakumeen topaguneari. Halaber, aurretik egon dira berdintasun plana onartzeko saiakerak, aurrera egin ez dutenak. Azpitartek Soraluzeko Udalaren interesa eskertu du, bere hitzetan, ezinbestekoa baita plana gauzatzeko.
Urriaren 7ko plenoan bozkatuko da plana
Orain soraluzetarrek 15 eguneko epea dute ekarpenak egiteko, eta behar bada, luzatu egingo da denbora tartea. Gero, batzordetik pasako da eta azkenik, urriaren 7ko plenora eramango da plana, bertan bozkatu eta onartzeko.