Lehen zeuden bi igogailuei beste bi gehituko zaizkio datozen hilabeteetan. Bata, Gabolatz kaletik (Guipuzcoano paretik) Saciako babes ofizialeko etxeetara iritsiko da. Bestea, Estaziotik hilerri parera. Modu horretan, herritarrei Estazio eta Zeleta auzoetara irisgarritasuna hobetu nahi zaie.
Hasiera batean lehen igogailua Erregetxetik jartzeko asmoa bazegoen ere, bertan zer egingo den jakin gabe, udalak erabaki du Gabolatz kaletik gora egitea igogailua. Horrekin batera, udalak Estazio kalean babestutako pasabidea eta semaforoa jarriko ditu oinezkoen joan-etorriak seguruagoak izan daitezen.
Udalak jakinarazi duenez lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu %100ean. Guztira 430.000 euroko euroko inbertsioa egingo da.
Kiroldegiko lanak ere aurrera doaz
Uda aurretik hasiera eman zitzaien kiroldegiko lanak ere badoaz pixkanaka aurrera. Udalak aurreratu duenez, lehentasuna igerilekuari eman zaio, herritarrek Bergarakora joan beharrik izan ez dezaten. Horrela, azarorako igerilekua erabilgarri egongo da eta gainontzeko instalazioak hilabete horren amaierarako egongo dira.