Uztailaren 24tik 27ra
Uztailaren 24ean, barixakuan, hasiko dira herriko jaiak eta hilaren 27ra arte iraungo dute. Aurten ere Zubi Nagusian ipiniko dute txoznagunea eta kontzertuak, bazkariak eta jolasak antolatuko dituzte. Joan zen urteko berrikuntza batzuk jarraipena izango dute: txistorra eta sagardo banaketa, paella dastaketa eta zezensuzkoa, esate baterako.
Berrikuntzak eta kontzertuak
Berrikuntzen artean Umeen Danborrada dago. Aspaldiko urteotan egin izan ez dena berreskuratu dute eta uztailaren 27an kalera irtengo dira. Osintxuko dantza taldeak erakustaldia eskainiko du Santiago Egunean. Kale animazioa, umeentzako egitaraua, mariatxiak, danborrada, zezenak eta dultzaineroak ez dira faltako.
Kontzertuen artean, herriko Junzaitxetxera taldearena egongo da Plaza Zaharrean lehenengo egunerako. The Bond Scott Banden aurretik joko dute, ACDC talde handiaren bertsioak egiten dituen taldea. Hurrengo egunetan, Azteca orkestra eta Imuntzo eta Beloki izango dira Plaza Zaharrean. Zubi Nagusian Garraxi, Turboshit, Manba Beat, Skakeitan, Skati eta Frida Pipol taldeak izango dira jaietako lau egunetan joko dutenak.