Soraluzeko ahotsak proiektua aurkeztu dute

plaentxia_com 2008ko eka. 16a, 11:29

Joan zen astean aurkeztu zen Soraluzeko ahozko ondarea biltzen duen proiektua: Soraluzeko ahotsak. Proiektuan parte hartu duten lekukoei esker ona adierazi zieten alkateak eta proiektuaren egileek.

Proiektuaren nondik norakoak

Soraluzeko ahotsak proiektu orokorraren barruan hainbat iturritako grabazioak biltzen dira. 2000. urtean Soraluzeko udalak beka deialdi bat atera zuen eta orduan hasi ziren herriko ahozko ondarea biltzeko lanak. 2004an Badihardugu Euskara Elkarteak hartu zuen proiektuaren ardura. Alde batetik, aurretik egindako grabazioak landu ziren eta, aldi berean, grabazio berriak egin bideoz. Atzokoan bilketa eta lantze horren emaitza aurkeztu zen: www.ahotsak.com/soraluze.

{mosimage}  {mosimage} 
 Aintzane Agirrebeña, Egoitz Unamuno eta Jose Luis Arizaga aurkezpenean  Lekukoen pasadizoak ikusterakoan barre algaraka jardun zuten bertaratutakoek.

Lekukoei omenaldia

Aurkezpen ekitaldiaren helburu nagusienetako bat lekuko eta senideei eskerrak ematea izan zen.

Proiektua aurkeztu zutenak Jose Luis Arizaga “Txipi” alkatea, Aintzane Agirrebeña Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzailea eta herrian hainbat elkarrizketa egin dituen Egoitz Unamuno Pil-pilean eta Badihardugu Elkarteetako kidea izan ziren.

Ekitaldi beroa izan zen atzokoa. Aurkezleen hitzen ostean, lau lekukoren pasadizoak ikusteko aukera egon zen eta, ondoren, bertaratutako lekuko eta senideei opariak banatu zizkieten Jose Luis Arizaga alkateak eta Mikel Santiago zinegotziak, esker gisa.