Herritarren aldaketa nahiari muzin ez egiteko eskatu zuten bertaratutakoek eta gaur egun dauden Udal Gobernua eta alkatea mantentzearen alde azaldu ziren.
Agerraldiarekin batera, idatzi hau irakurri zuten:
TXIPI DA GURE ALKATIA Soraluzen urteetan eginiko udal politikaren aldaketa nahia nabaria zela iruditzen zitzaigun hauteskundeen aurretik. Herritarren partehartzerik gabeko politika atzerakoien garaiarekin bukatzeko garaia iritsia zela hain zuzen. Eta hauteskundeetako emaitzek horixe erakutsi zuten, herritar gehienok aldaketa nahi genuela. Hauteskundeetatik gaurdaino urtebete besterik pasa ez den arren, udal politikan izan diren aldaketak bide onetik doazela deritzogu, udal batzorde irekiak, auzoz-auzo egiten ari diren batzarrak… Soraluze egiterako orduan, herritarrak garrantzitsuak garela sentitu izan dugu hilabete hauetan. Eta oraindik hobetzeko hamaika kontu egonagatik, udalaren kudeaketan ematen ari diren aldaketak gustuko ditugu, bai horixe. Kezkatuta gaude ordea. Kezkatuta, azken asteotan batean eta bestean entzun edota irakur daitezkeenak aurrera badoaz, zentsura mozioen bitartez gaur egungo alkatea eta ondorioz udal gobernua aldatzeko nahia egon daitekeelako. Zentsura mozioa, tresna demokratikoa denik ez dugu ukatzen, baina hipokrita xamarra iruditzen zaigu zenbaitzuen jarrera. Hauteskunde garaian Soraluzek aldaketa behar zuela etengabe esanaz jardun zutenetako batzuk, orduko hitzak jan eta hainbeste kritikatzen zuten lehengo udal politika atzerakoiari ateak aurrez-aurre zabaltzeko prest daudela ematen du orain. Zergatik jarrera aldaketa hori? Ziur zaudete herriaren onerako izango litzatekeela horrelako aldaketa bat? Jakina da Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoak eguneroko jardun politikoa asko korapilatzen duela. Baina gure ustez irakurketa koiunturalak ezin dira herriak aukeratutako norabidearen aurka jotzeko erabili. Asmatu beharko genuke herrian bertan ere gatazka gainditzeari begira gure ekarpen propioa egiten, Euskal Herriak, Soraluzek, zein bertako herritarrek beharrezko dutelako eskubide guztien berma lortzea benetako bizikidetza lortzeko. Egoera honen aurrean, idatzi honekin bat egin dugun herritarrok Soraluze berri bat eraikitzen jarraitzeko beharra daukagula berretsi nahi dugu. Eta horretarako gure ustetan, gaur egungo udal gobernu eta alkateak, Txipik, jarraitu behar dutela udal kudeaketarekin. Soraluze berria egin nahi dugulako, ezetz diogu etor daitekeen zentsura mozioaren aurrean.