ANV eta EAk osatzen duten Udal Gobernu taldeak 2008rako aurrekontua prestatu zuen urte hasieran eta otsailean hiru bileratan alderdi guztietako ordezkariek proposamena aztertu zuten. 5.019.000 euroko aurrekontua da aurtengoa; hauetatik 1.284.000 inbertsioetarako bideratuko lirateke. 2007ko aurrekontuen aldean, ia 800.000 euro gehiago izango lituzke aurtengoak, onartuko balitz. Joan zen urtekoa 4.229.351 eurokoa izan zen.
Aurrekontuen onarpena kolokan
Martxoan PSE-EEk 10 zuzenketa egiteko eskaera aurkeztu zuen eta guztiak onartu egin zaizkiola adierazi du Jose Luis Arizaga alkateak. Oposizioko alderdiek aurrekontua babestuko dutenik ez dietela jakinarazi gaineratu du Soraluzeko alkateak. Oposizioko alderdiek aurrekontua onartuko ez balute, ANV eta EAren baiezko botoak 11tik 5 lirateke; orduan, aurrekontua bertan behera geratu eta 2007koen luzapena egokituko litzateke legez. Demokrazia indarrean dagoenetik, aurreneko aldiz gertatuko litzateke egoera hau, aurrekontuak ez onartzea, alegia.
Honako gai zerrenda izango du gaurko Udal batzarrak:
1.- 2008ko jardunaldirako aurrekontua.
2.- Aurrekontua gauzatzeko udal araua.
3.- 2008. urteko plantilla organikoa.
4.- 2008. urteko lanpostuen zerrenda.
5.- Eskari eta galderak.