Isabelino Reglerok Itxaropenako lehendakaritza utziko du

plaentxia_com 2008ko urt. 23a, 11:30

Lehendakari karguan bigarren urtea betetzear dagoela, Jubilatuen Etxeko Lehendakaritza utzi egingo duela jakinarazi du Isabelino Reglerok. Martxoaren 13an Batzar Orokorra izango dute eta bazkideek lehendakari berria aukeratu beharko dute.


2006ko martxoan hartu zuen Isabelinok lehendakari postua eta berarekin Batzordean lanean izateko kideak izendatu zituen. Haiek adierazi diote Isabelinok Lehendakaritza uzten badu, haiek ere berdin egingo dutela.  Bi urtean kultur ekintza asko antolatu eta lokalean berrikuntzak egitea izan da beren jardunaren ardatza.

Lehendakaritzarako aurkeztu nahi denak martxoaren 10a baino lehen eman dezake izena Itxaropenan bertan.

Hildako bazkideen aldeko meza

Datorren zapatuan, hilak 26, oroitza bereziko meza egingo da Elizan iluntziko 19:00etan Jubilatuen Etxeko hildako bazkideen alde.

 

                                           --------------------------
 
 
2007ko apirilean Pil-pilean Aldizkarian kaleratu zen elkarrizketa

 Zein da zure lana Jubilatu Etxean?

Antolatzen den guztiaren arduraduna naiz. Baina zuzendaritza kargua banatuta dago batzordeko kide guztien artean. Talde lanean jarduten dugu, giro onean. Haiek gabe, lehendakariak ezin du ezer egin. Ilusioz dihardugu elkarteari hobekuntzak emateko.

Ze behar dauzka Itxaropenak?

Komunak berriztea behar dugu. Oso txikiak eta antzinakoak dira. Sarbidea ere aldatzea komeni da. Aldapa eta eskailera asko daude eta neguan oso labanak. Zebra bidea beste atera pasatzeko eskatu genuen orain urtebete, autoak hobeto ikusteko, orain arriskutsu dago eta. Sarrerako leihoak ere oso zaharrak dira eta hotza sartzen da.

Noren laguntza jasotzen duzue?

Udalak asko lagudu gaitu eta eskerrak ematen dizkiogu, entzun egin gaituelako. Baina diru-laguntza haundiagoak behar ditugu gure asmoak aurrera eramateko. 10-12 urtean ez da asko aldatu diru kopurua eta kuotekin oso gutxi lortzen da.

Ze berrikuntza egin dituzue?

Urtebetean aldaketa asko egin dira: altzari berriak, paretak margotuta, komunean argi automatikoak eta ispiluak, antzerkia… Baina baliabide ekonomiko nahikorik ez daukagunez, ezin dugu asko egin.

Ideia berririk badaukazue aurtengo urterako?

Ospakizun handiena maiatzaren 12koa izango da, urteurreneko jai handia. Aurrerago, 6-8 ordenagailurekin gela bat egin nahi dugu eta Caixari laguntza eskatu diogu, baina herri txikia dela-eta, ezezkoa eman digu momentuz. Beste ideietako bat bertan behera lagata dagoen terraza erabiltzea da, udan mahaiak eta aulkiak ipinita, esaterako.

Zer diote bazkideek?

%90 gustora dagoela esango nuke. Aldaketa igarri dute. Kanpoan bizi direnek ere esan izan digute. Lehiaketa gastronomikoek harrera ona izan dute, giroa sortu da, eta gehiago egingo ditugu urtean zehar. Hitzaldiak, antzerkia… pozik hartzen dituzte.