Manifestazioa deitu dute Batasuneko buruzagitzako kideen atxiloketak salatzeko

plaentxia_com 2007ko urr. 5a, 16:21

Batasuneko zuzendaritzako 23 kide atxilotu ditu bart gauean Seguran eta Olaberrian Espainiako Poliziak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak agindu du sarekada. Atxiloketak salatzeko manifestazioak deitu dituzte gaur iluntzeko 20:00etarako Euskal Herriko hiriburuetan eta herri ezberdinetan.

Soraluzen, 19:30etan egingo da manifestazioa. 


 

Atxilotuak 

Iturri ofizialek ez dute oraindik atxilotuak nortzuk diren argitu, baina Espainiako albiste agentziek zabaldu dutenez, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Juan Joxe Petrikorena, Ibon Arbulu, Jean Claude Agerre, Imanol Iparragirre, Jon Garai, Patxi Urrutia, Aner Petralanda eta Ana Lizarralde dira atxilotuetako batzuk.
 
35/02 sumarioaren barruan

Espainiako komunikabideen arabera, Batasuneko buruzagitza berritzeko egin dute bart bilera Seguran, eta, hori legez kanpoko jarduera dela iritzita eman du atxilotzeko agindua Garzonek. Ezker abertzaleko iturriek ukatu egin dute buruzagitza berritzen ari zirela.

Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, 35/02 sumarioaren barruan egin dute operazioa; ETArekin lotura izatea egotzita abiatu zuen sumario hori Garzonek Batasunaren aurka, eta, besteak beste, Herriko Tabernen auzia dago horren barruan.

(Iturria: Goiena.net)