Ekitaldian Soraluzeko Euskalgintzako ordezkariek aurkezpena egin zuten, baita Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Mikel Santiago Euskarako zinegotzi berriak euskararen aldeko jardunean elkarteetako ordezkariek daukaten ardura eta erabilpenak behar duen bultzadaz berba egin zuen, besteak beste.
Horma irudia
Ziurtagiri banaketaren aitzakian, horma irudia margotu zuten zapatuan Ezozi Bideko horma batean, euskarari bai esateko ordua iritsi dela adieraziz. Pil-pilean arduratu da lan hori egiteaz. Azkoitiko Bai Euskarari Akordioaren irudia baliatu dute horretarako, haien baimenarekin.
Ziurtagiriaren Elkartea
Ziurtagiriaren Elkarte sortu berriak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dizkie euskararen normalizaziorako neurriak garatzen ari diren Soraluzeko entitateei. Izan ere, aurreko hilabetean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, proiektuaren kudeaketaren lekukoa pasatu dio Ziurtagiriaren Elkarte berriari. Hemendik aurrera, Ziurtagiriaren Elkartearen esku egongo da Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketa. Soraluzen 23 elkarte izan dira Bai Euskarari Ziurtagiria jaso dutenak herri honetan egiten den 4. ekitaldian. “Hazten ari den proiektua da gurea. Horregatik, aurrerapausoak eman behar ditugu egitasmo honetan”, adierazi du Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak.