Auzokoen egunarekin bukatu dira San Andres jaiak

plaentxia_com 2007ko uzt. 9a, 22:47

Urterokoari eutsiz, jende asko hurbildu da San Andresko jaietara, auzoko eta kaleko. Zapatuan Pantxoa eta Peioren kontzertuarekin hasi eta Lajarekin erromerian bukatu artean, dantza, jolas, txapelketa, bertsolari, dantzari, erromeria eta abarrekin joan dira aurtengo jaiak.

Ekaitzaren trumoi, tximista eta euriak ez zituen Pantxoa eta Peioren zaleak etxean utzi eta San Andresko frontoia lepo bete zen. Kontzertuaren aurretik Atxolin eta Basauri, Calles eta Domentxen emanaldia izan zen, Zuberoako eta Pantxoa eta Peioren kantuekin. Ondoren kontzertua hasi eta entzule guztiak kantuan ipini zituzten lapurtarrek. Pare bat orduko musika saioa izan zen, bertaratutakoen gozagarri. Ondoren, erromeria egin zuten Gardokirekin. Aspaldiko girorik politena izan zela diote auzotar batzuek.

Domekan dantza saio xelebrea eskaini zuten Urrats dantza taldeko mutilek, jazkera bereziekin eta arratsaldean pilota apostuak eta umeen txanda izan zen, Poni eta zezenekin eta pilotarien desafioarekin. 

{mosimage}{mosimage}Astelehena auzotarren eguna izaten da. Haurrentzako jolasak, Egaña eta Lizasoren urteroko bertso saioak eta erromeria. Emakumeen bolo txapelketa ere arrakastatsua izaten da, bertaratutako guztiek parte hartzen dute eta. Aurten Arizagara joan da saria, hiru txirlo botata. Datorren urtera arte bukatu dira San Andresak.