Herritarren kexak jaso ditu Udalak, esanaz, Eibarrerako zerbitzua ematen duten Euskotreneko autobusak ez direla Errekalde aldean geratzen; Gila Zubitik etorri, Oleako Zubian pasatu eta Estaziora geratu gabe pasatzen direla. Badirela geratzen direnak ere, baina txoferraren arabera. Hala adierazi digu Jose Luis Arizaga alkateak.
Horregatik, astelehenetik aurrera autobus geltokia Oleako Zubian, Estaziorako aldapa hasten den lekuan egongo da. Momentuz, seinale batek erakutsiko du lekua zein den, baina astebetera markesina jarriko dute banku birekin. Autobus guztiak Errekaldean geratzea da helburua.