Jose Luis Arizaga da Soraluzeko alkate berria

plaentxia_com 2007ko eka. 16a, 15:21

EAE-ANV alderdiak lortu du Soraluzeko Udaleko alkatetza. EAE-ANV, PSE-EE, EA eta PP alderdietako zinegotzi bakoitzak bere alderdiko hautagaiei eman die botua eta EAJk zuriz bozkatu du. Ondorioz, Jose Luis Arizaga "Txipi" izango da datozen lau urteotako legealdian alkate.

 
 
Udalbatza aretoa jendez beteta egon da. Zinegotziek legezko prozeduraren bitartez beren kargua hartu ostean egin da botaketa. Botoa sekretua bada ere, ANV, PSE-EE, EA eta PP alderdiek dituzten zinegotzi kopuruak beste boto jaso dituztenez, alderdi bakoitzak bere buruari bozkatu diola argi geratu da, eta zuriz ateratako hiru botoak EAJko hiru zinegotzienak izan direla.
Ondoren, Jose Luis Arizagak idatzi bat irakurri du, "guregan konfidantza jarri duen Soraluzeko herriari" eskerrak emateko, baita "beraien jarrerarekin hauteskunde emaitzek erakutsi zuten aldaketari bide eman dioten alderdi politikoei". EAE-ANVk Euskal Herri osoan legezko izaera ez duela eta beste alderdien jarrera "indiferentea" kritikatu du.
Bukatzeko, alderdi politiko guztiekin batuko direla adierazi du, "elkarlanean Soraluze hobe bat eraikitzen parte har ezazuen gonbidatzeko", baita parte hartu nahi duten herritar guztiak gonbidatzeko ere. 
Amaieran bere alkate kargua zin egin du Jose Luis Arizagak eta gainontzeko zinegotzi eta herritarren zorionak jaso ditu.