Idoia Alvarez (EB-Aralar)

plaentxia_com 2007ko mai. 16a, 19:25

EB-Aralar

 

Idoia Alvarez

36 urte

Eibartarra

Zuzendaritzarako idazkaritza

Administraria

 

Noiztik eta zegaittik politikan?

Urte eta erdi. Herriko arazoek kezkatzen ninduten eta horiengatik zerbait egin beharra neukan. Soraluzen EB-Aralarretik inor aurkeztuko ez zenez, animatu egin nintzen.

Ze balorazio egitten dozu azken legealdiaz?

Zero patatero. Garraioaren kontua oraindik ez da konpondu, irisgarritasun faltagatik herritarrak arazoak dituzte kalera irtetzeko... Soraluzek orografia zaila duela badakigu, baina konponbideak aztertu behar dira. Gehiengo absolutua izanda, egoeraz baliatu dira eta ez diete ez herritarrei ezta gainontzeko alderdiei, ez galdetu ezta entzun ere. Ondo egindakoen artean, landatutako pagoak leudeke, baina azkeneko orduan sinatu dute hori ere.

Zeintzuk dira zuen programaren punturik garrantzitsuenak?

Herritarrak partaide eta protagonista izatea (ez alkatea eta zinegotziak), argitasuna informazioa ematerakoan, auzoetarako irisgarritasuna hobetzea, garraio arazoak konpontzea, teknologia berriak (zuntz optikoa), gaztetxea konpontzea, hirugarren adinekoen ongizatea hobetzea…

Irabaziz gero, zer da lehenengo egingo dozuena?

Herritarrei hitza ematea da lehenengoa, eta orduan azalduko dira garraioarekin, irisgarritasunarekin, trafikoarekin, aparkalekuekin eta abarrekin dauden arazoak.

Ibar osoko ikuspegia beharrezkoa da. Soraluzek ur-trasbasearen lanak jasan baditu ibarraren onerako, besteek ere berdin egin behar dute.

Euskararekiko egitasmorik badaukazue?

Euskararen legea ondo dago, baina lortu behar dugu ikasle guztiek 16 urterekin euskaraz egoki berba egin eta idazteko gai izan daitezen. Helduei aukerak ematen saiatu behar da, ikas dezaten. Epe luzerako lana da.

Koaliziñua zeinekin egingo zenduke, gehiengorik ez balego?

Edukietan gertuen dagoenarekin. Guk programari bakarrik begiratzen diogu, ez etiketari. Adostasunak beharko ditugu edukietan.

Zuri botua emoteko arrazoi bat.

Gauzak egiteko aurkeztu gara, ez aulki batean eserita egoteko. Bestela, ez du merezi gobernatzeak.