Soledad del Bosque (PSE-EE)

plaentxia_com 2007ko mai. 16a, 19:17

PSE-EE

 

Soledad del Bosque

57 urte

Soraluzetarra

Auxiliar administratiboa

Etxekoandrea

 
Noiztik eta zegaittik politikan?

Txikitatik. Sasoi hartako gazte guztiak bezala, grisen aurrean korrika hasi nintzen, 14 urterekin. Partiduan, 24 bat urterekin hasi nintzen. Gure etxean denak errepublikarrak ziren eta ondorioak jasan genituen. Baina derrigorra sentitzen genuen.

Ze balorazio egitten dozu azken legealdiaz?

Batetik, Udalean bakarrik egotea ez da erraza, ezin dituzu zure ideiak garatu. Bestetik, gehiengoa dagoenean, oraingo moduan, nahi dutenaz bakarrik informatzen dute. Baina nik ere herriaren zati bat ordezkatzen dut, eta informaziorako eskubidea dugu legez. Herriko obrak beharrezkoak ziren; beraz, herriaren beharrak eta kanpotik etorritako diruak egi dituzte. Baina obrek ez dute amaierarik, egin eta jaso. Errealitatea begi bistan dago.

Zeintzuk dira zuen programaren punturik garrantzitsuenak?

Hiru dira: goian dauden auzoei irisgarritasuna ematea; gardentasun osoz lan egitea, herriak zertan zabiltzan jakin dezan momentu oro eta aparkalekuen beharrei erantzuteko azterketa serioa egitea.

Irabaziz gero, zer da lehenengo egingo dozuena?

Esandako hiru puntu horiek. Pixkaka herritarrak konbentzitu Udalean gardentasuna dagoela.

Koaliziñua zeinekin egingo zenduke, gehiengorik ez balego?

Momentu honetan, inorekin ere ez. Baina hauteskundeen ostean, ezin daiteke esan. Ez dugu ezer baztertzen. Emaitzen arabera izango da.

Euskararekiko egitasmorik badukazue?

Orain dagoen planarekin jarraituko genuke, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntzaren Normalizaziorako Legea beteko genuke. Sozialistak ez gaude euskararen kontra. Eta ez ditugu euskara ez dakitenak baztertu nahi, baina ez euskara gutxietsi ere ez. Nire ustez belaunaldietako kontua da, orain berreskuratzen doala uste dut.

Zuri botua emoteko arrazoi bat.

Urte hauetan herritarren maila berean nagoela frogatu dudala uste dut, eta entzuteko prest nagoela.