Egokitzapen-lanak amaituta, ekaina baino lehen zabalduko dute eguneko zentroa

Plaentxia.eus 2015ko abe. 7a, 13:47

Maite Peña Aldundiko gizarte politikako foru-diputatua eguneko zentroaren lanak ikustera etorri zen joan zen eguenean eta datorren ekaina baino lehen zerbitzua martxan izango dela iragarri zuen. 

Irekiera eguna zehaztu barik badago ere Maite Peñak adierazi zuen Estaziñoko zentroa martxan izango dela 2016ko ekaina baino lehen. Amaitu berri diren lanen txukuntasuna eta egoitzaren egokitasuna azpimarratu zituen Peñak. Iker aldazabal alkatea eta Patricia Borinaga gizarte ongizateko batzordeburuak Soraluzek eguneko zentrua izateko duen beharra aipatu zuten, herrian edadeko pertsonak asko direla nabarmenduz.

Egokitzapen lanak amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio eguneko zentroaren ustiapena esleitzeko prozesua martxan jartzea. Peñak prozesua datozen hilabeetan abiatuko dutela adierazi zuen. 

18 plaza

Eguneko zentruak 200 m2 ditu eta Aldundiak 400.000 euro baino gehiago inbertitu ditu egokitzapen-lanak egiten. Besteak beste; sukaldea, jantokia, egongela, terraza, komunak eta irisgarritasun baldintzak betetzen dituen sarrera-irteerak ditu egoitzak. Funtzionatzen hasten denean 18 pertsona hartzeko gaitasuna izango du. Zentroa barrutik ezagutu ahal izateko ate irekien eguna antolatzeko asmoa dutela jakinarazi zuten udal-ordezkariek.

IMG 4440IMG 4453

IMG 4466