Zein da zuen asmoa?
Badira bi urte Azaoleaga baserria konpontzen dihardugula, 35 urtez hutsik eta itxita egon ostean. Dagoeneko bertan bizi gara.
Aurreko jabeak 6,5 hektareako lur-sailetako pinuak moztu ditu eta guk sagarrondoak eta bestelako fruita-zuhaitzak landatuko ditugu bertan, fruita txikiko zuhaixkak eta bestelako landaketak tartekatuta, permakulturaren irizpideak oinarri. Soraluzen bertako fruita gutxi dago, lanerako prest gaude gu. Pinuen monokulturan jarraitu ordez, sagarrondo eta bestelakoen landatze masiboa auzolanean aurrera eraman nahi dugu, geroko fruituez elkarrekin gozatzeko.
Zein motatako fruta-arbolak sartu nahi dituzue?
Fruita-mota zaharretan espezialista diren mintegietan erosiko ditugu, txertatutako landareak. Bariedade zaharrak, izurriteen kontra hobeto babesten direlako, nortasuna duen fruita goxoa ematen dutelako. Bariedade askoren sortak landatzeko asmoa dugu, uzta minimo bat bermatzeko, urte "txarra" izanda ere.
Nondik ekarriko dituzue?
Euskal Herriko eta kanpoko hainbat mintegi berezituetan eskuratuko ditugu zuhaitzak edota txertatzeko oinak, datorren urteotan beste hainbat baserritatik ekarritako sagarrak bertan txertatzeko. Fruita ekoizpen guztia nekazaritza ekologikoaren araberakoa izango da, agroekologikoa.
Zergatik lagundu behar genuke egitasmoa?
Jaten duen fruitaren %95a kanpotik, lekutatik ekarri behar duen herri batean, lur emankorra, ura eta eguzkia duen herri honetan, berebizikoa dirudien egitasmoa proposatzen dugu: Fruita ekoiztea! Auzolanaz, lagun arteko lanaz baliatu gara orain arte egitasmo honetan. Zuhaitzak landatzeko eta zaintzeko prest gaude. Zaintzaren fruituaz, frutaz, hain zuzen ere, ordaindu ahalko dugu lagunengandik jasotako laguntza.
Zela egin daiteke ekarpena?
http://karena.eu euskal crowfounding-ak bideratzeko webgunearen bitartez 15 euroko bonolaguntzak eman litezke. Abenduaren 24ra arteko epea dago bonoak eskuratzeko. Bono bakoitzaren truke, 15 euroko fruita-otarra emango dugu, zuhaitzek fruita ematen diguten bezain pronto.
Zein pertsona motak uste duzue lagunduko duela egitasmo hau?
Bertako eta kalitatezko fruta kontsumitu nahi duten Soraluzetarrak eta inguruko herrietakoak, batez ere. Baina crowdfundinga abiatu dugunetik, mezuak Euskal Herri osotik heltzen zaizkigu. Pinua beharrean fruta zuhaitzak landatzearren zoriontzen gaituzte, baita aholkuak eman ere.
_________________________________________________
Azken bi urtoetan Azaoleaga baserria zaharberritzen dihardute. Dagoeneko teilatu berria egin diote baserriari eta barrualdetik ere hainbat berrikuntza egin dizkiote.