Euskararen egunean euskaltzaleen arteko soka-dantza egingo dute plazan

Erredakzioa 2015ko aza. 28a, 13:10

Euskararen eguna 1

Abenduaren 3an Euskararen eguna dela eta, Erabili, bizi, erabizi lemapean Pil-pilean euskara elkarteak eta Udaleko Hizkuntza politika batzordeak hainbat ekimen antolatu dituzte. Ekimen nagusia euskalzaleen arteko soka-dantza izango da, eguen arratsaldeko 19:00etan Zubitik aterata Plaza Zaharrean amaituko dena. Bestalde, soka-dantza entsaiatzeko, bi egun lehenago, abenduaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan saio bat egingo da ikastetxeko gimnasioan, Urrats dantza taldeko dantzariek lagunduta.

 

Azken urteotan egin izan den moduan, euskararen suaren bueltan egingo da ospakizuna. Ostean jan-edana izango da eta 21:00etan "Gure sorlekuaren bila" filma, euskaraz grabatuta ezagutzen den lehena, proiektatuko dute antzokian. Dokumental estiloko filma hau 1956an estreinatu zuten Hazparnen. Handik gutxira desagertu egin zen eta 60 urte beranduago, unibertsitateko ikerlari gazte batek, Iosu Martinezek, topatu du.

Hurrengo egunean "Erdaldun berrien kluba" antzezlana eskeiniko dute antzokian. Istorioko protagonista Irantzu da; euskaraz pentsatzen, sentitzen eta, ahal duen guztietan, euskaraz diharduen neska eskoriatzar bat. Horrek hamaika arazo sortuko dizkio egunerokotasunean.

365 Kartela

Erabili, bizi, erabizi
Erabili, bizi, erabizi da Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak aurtengo Euskararen nazioarteko egunerako aukeratu duen leloa, erabilera eta bizitza uztartzen dituena. Beraz, aurten, euskalzaleek Euskarak 365 egun dituela esatearekin batera, euskara erabili eta euskaraz bizi; erabizi ere esango dute. "Erabizitzea da hitz egin, berba egin, solastu, mintzatzea etxetik plazara eta plazatik etxera eraman eta ekartzea sentitzen dudana eta sentitzen dudan moduan esatea ". Horrela hasten da Euskararen egunerako prestatu duten manifestua.

euskararen eguna2013