Goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko ordu biak arte jardun zuten defenditzeko teknikak ikasten. Tertulian jardun zuten hasierako ordubetean. Ikastaroan landuko dutenaren berri eman dute Ixak eta Iosuk eta ikastaroan izena zergatik eman duten azaldu dute ikasleek.
Teknika errealak
Erasoen aurrean benetan erabili ahalko dituzten teknika errealak erakusten ahaleginduko direla nabarmendu nahi izan du Ixak: "zein garen eta noraino hel gaitezkeen jakin behar dugu. Gizonezkoa eraso egitera datorrenean bere onetik irtenda dator eta guk, gure berrogeitamar kilotxoekin aukera bakarra izango dugu erasoa saihesteko. Alde psikologikoa oso garrantzitsua da. Oso seguru egon behar dugu egin behar dugunaz. Golpea min emateko lekuan eman eta korrika ihes egin behar dugu".
Labanaz edo pistolaz eraso eginez gero egin beharreko mugimenduak erakutsi dizkiete gero eta behin eta berriz errepikatu dituzte, modu automatikoan atera arte. Leku itxiren batean gertatuz gero bertatik ateratzeko aukerak zela aprobetxatu ere azaldu dute: atea zela bota, zein modutara apurtu kristala... Azpimarratzekoa da ikastaroan sumatu den giro ona. Halako ikastaroetan ohikoa izaten ei da, elkarren artean sortzen den konplizitate giroak eragiten ei du.
Emakume gazteak ikastaroetan
Emakume gazteek, 25-40 urte bitartekoek, ematen ei dute izena autodenfentsa ikastaroetan, gehienetan umeak dituztenak. "Noizbait erasoren bat jasoko duten beldur izaten dira eta ikastaroa amaitutakoan gutxieneko irizpide batzuekin ateratzen dira, halako egoeretan zela jokatu behar duten ikasita" azaldu digu Ixak.
Ixak eman duen lehenengo autodefentsa ikastaroa izan da zapatukoa, Iosuk berriz ikastaro asko eman ei ditu aurretik. Hurrengoa abenduaren 3an eskainiko dute, istitutuan, DBHko neskendako, hau ere udaleko berdintasun sailak antolatuta.