Lezarri baserriak irabazi zuen barazki posturik onenaren saria

Erredakzioa 2015ko aza. 15a, 15:44

Gaztañerre azoka 2015  91

Lezarri baserriak irabazi zuen barazki lehiaketako lehenengo saria, Arizagak bigarrena eta Guenetxetxok hirugarrena. Aldundiko bi teknikarik egin zituzten epaile lanak eta "produktuen maila eta kantitatea eta aurkezpenaren sendotasuna eta jarraikortasuna nabarmendu zuten lehenengo saria ematerako orduan".

Gainerakoan, postuak jarri zituzten ekoizle asko gustora azaldu ziren azokan izandako salmentekin. Soraluze 1936 lan taldeak esaterako liburu guztiak saldu zituen.

Edizio jendetsua

Eguraldi ona lagun, giro ederrean iragan zen atzo Gaztañerre azokaren eguna. Goizean jende asko batu zen azoka-gunera eta arratsaldean zehar ere herriko kaleak jendez beteta izan ziren. Egun horretan herrian jende asko batzea urteroko kontua izaten da baina batek baino gehiagok nabarmendu zuen atzokoa bereziki jendetsua izan zela. Pil-pileanek antolatutako babajanean esaterako, aspaldiko urteetako jende kopururik handiena batu zen, 170 lagun, eta iluntzean egin ziren erromerietan karpa eta Gaztetxea jendez gainezka izan ziren.