Atzo aurkeztu zuten liburuak 200 orrialde ditu eta atal batzuk euskara hutsean baldin badaude ere, elebitan jaso dute liburuaren zatirik gehiena (euskaraz eta gazteleraz). Ana Maiztegik azaldu zuenez, gerra ezagutu zuten hogeitamalau pertsonen testigantzak dira ardatza historia orokorrarekin harilkatuz osatu duten kontakizunean. Testigantzekin batera, garaiko argazkiak eta agiriak ere jaso dituzte liburuan. Aurkezpenean liburuaren atal nagusien berri eman zuten eta "gerra sufritu zutenei" eskainitako bertsoak kantatuz amaitu zuten ekitaldia. Berrogeitamarren bat herritar hurreratu ziren aurkezpenera, libururako testigantzak eman dituzten hainbat tartean.
Bost urte dira Soraluze 1936 lan taldea osatu eta "kontatu gabeko historia berreskuratzeko lanari" ekin ziotela. Liburua argitaratzearekin lan taldea abiatu zenean jarritako helburuak bete dituztela adierazi zuten eta horrenbestez, hemendik aurrera lan erritmoa gutxienekora jeitsiko dutela.
Lete eta Mujika fusilatuak
[Altxamendua eta lurraldeen okupazioa ataleko pasartea. 61. orr.]
Herrietan Frente Popularreko herri-batzordeak antolatu ziren. Soraluzen, besteak beste, Jose Maria Lete, batzordeko lehendakari izendatu zuten; Manuel Mugika "Carol" eta Jose Vazquez "el asturiano" batzarkide izan ziren, beste batzurekin batera. Alondegian egiten zituzten bilerak. Batzorde horrek, lehen aipatutako funtzioak beregain zituen: armak, ordena publikoa, altxatuen aldekoak kontrolatzea, herriko sarrera-irteerak... Herrian sartu eta irtetzeko, adibidez, beharrezkoa zen batzordearen baimena.
Jose Maria Lete (abertzalea eta ELA-STVra afiliatua) makinariaren arduraduna zen Kainoi-fabrikan. Geroago, Eusko Jaurlaritzak mobilizatutako industrien arduradun izendatu zuen, eta Bilbo jausi ondoren, gerra industria Gijonera aldatzeko koordinatzailea izan zen.
Gerora, Frente Popularreko kide haien kontra errepresio neurriak hartu zituzten eta erabakiorra izan zen kargudun izatea. Izan ere, batzordekide bi fusilaturik hil zituzten: Jose Maria Lete (Oviedon preso hartuta, Trubian fusilatu zuten 1938ko ekainaren 8an) eta Manuel Mujika (Begoñan preso hartu eta Donostian fusilatu zuten). Jose Vazquezi buruz ez dugu informaziorik aurkitu.