Aranzadik aztarna bila dihardu Atxolin inguruetan

Plaentxia.eus 2015ko aza. 5a, 11:32

Manu_2.jpgManu Zeberio buru dutela, Aranzadi elkarteko hiru kidek katak egiten dihardute mendigainean. Egiten dihardutenaren eta etorkizunean egin nahi dutenaren inguruan galdetu diegu.

 Manu Zeberio

Historiaurreko arkeologia saileko zuzendariaAranzadi elkartean

Zertan diharduzue aurten mendigainean?

Aurten zundaketak egiten ari gara, aztarna berriak bilatzeko helburuarekin eta megalito berri bat aurkitu dugu. Orain dela urte batzuk, Atxolin Txiki tumuluaren ondoanbeste megalito bat zegoela esan ziguten eta guk egitura hori ikertu dugu eta bertan zista bat dagoela baieztatu dugu.

Zer da zista?  

Trikuharrien moduko itxura dute baina tamainaz txikiagoak dira. Hilobiaren ganbara funtzioa zuen monumentu megalitikoa dira baina tamainaz trikuarria baino txikiagoak. Trikuharriak zaharragoak dira, neolito garaikoak (6.000 urte k.a.); zistak ordea, brontze arokoak (3000-4000 urte k.a.).

Zein helbururekin egiten dituzue katak?

Garaiko herrixken aztarnak bilatzen ditugu, orduko gizakiek erabiltzen zituzten erremintak, gizakiak ezarritako harri multzoak, zeramika... momentuz ez da ezer azaldu baina inguruko aurkikuntzek zein inguruak berak erakusten digu leku hau leku sinbolikoa izan zela. Gainera orain dela gutxi berreskuratu zen zutarriaren harri oso antzekoak dira hemen dauden harriak.

 Zelakoa da orain artean aurkitu denaren balioa?

Gipuzkoan 300 monumentu megalitiko inguru daude eta Elosua-Plazentzia gunean ia 20 aurkitu dira honezkero. Ez dira Gipuzkoako aztarna handienak ezta garrantzitsuenak ere, baina bai oso interesgarriak.Nahiz eta txikiak izan, megalito asko dago, eta garai desberdinetakoak: Neolito, Kalkolito eta Brontze Aroko trikuharriak, tumuloak, zistak eta zutarriak. Gure historiaurrea ezagutzeko "museo" aproposa da mendigainekoa.

Pareko adibideak zein izan daitezke?
Beste leku batzuetan ere badira megalito multzoak: Aralarren,
Jaizkibelen, Beasainen... baina Karakate-Irukurutzetakoak asko dira eta
ilaran daude, aproposak dira ibilaldi batean ikusteko.

Ondarea aztertu eta ezagutarazteak zein onura ekar diezaioke herriari?

Estazio megalitikoan aurkitzen diren monumentuak jende guztiaren ondarea dira. Gure iraganaren aztarnak gure etorkizunerako aberastasuna dira. Gure ondarea guk geuk ondo ezagutzeko balio du. Bestalde, gure ondareak (natural eta kulturalak) onura ekonomikoa ekar dezake.

Azken urteotan ze azterlan egin dituzue mendigainean?

2013. UrteanArribiribilletan abiatu genuen indusketa arkeologikoa. Zutarria zela baieztatu genuen eta berreraiki.
Iaz indusketa arkeologiko bat egin genuen "Keixetako Egiya Hegoa" trikuharrian (Elosuko lurrekin mugan). Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek industua zuten lehenago (1922an) eta megalitoaren gaur eguneko egoera eta geratzen diren
aztarnak aztertzea izan da gure helburua.

Etorkizunean zer egiteko asmoa duzue?

Keixetako trkiuharriarekin Arribilletan egin genuen gauza bera egitea da asmoa: berreraikitzea. Proiektu aritektonikoa aurten egingo dugu eta hori burutzeko erakunde publikoek baliabideak ipiniko dituzten jakiteko zain gaude. Datorren urteetarako ikerketa proiektua mantentzea espero dugu, megalito berriak aurkitzeko eta megalitoak eraiki zituen jendearen bizilekuen aztarnak bilatzeko.