Lapurrek lurrinik garestienak eraman dituzte Goiaratik

Plaentxia.eus 2015ko urr. 28a, 13:07

Goiara.jpg

Lapurrak ateko zerraila apurtuta sartu dira dendan eta 2.000-3.000 euro bitarteko balioa duten produktuak eraman dituzte, gehienak koloniak. Bost egunen buruan herrian gertatu den bigarren lapurreta izan da.

Lapurrak zerraila apurtuta sartu dira Goiarak Kalebarrenen denda barrura eta lurrinik garestienak eraman dituzte. Dendako atea ez dute apurtu baina ateko kristala brintzatuta gelditu da. Dendako jabeak azpimarratu du garbiketa produktuak ikutu ere ez dituztela egin. Eraman dituzten produktuek 3000 euroko balioa ei dute gutxi gorabehera. Zorionez ez omen dute dendan bestelako kalterik eragin eta itxaropena dute aseguru etxeak lagunduko diela. Lurrinen kaxak ibetondoan topatu omen dituzte, Txoko kafetegiaren inguruan.

Segurtasun falta salatu dute

Goiarakoek goizeko lehen orduan jaso dute abisua ondoko dendari baten bitartez, "orain dela egun gutxi ondoko tabernan lapurtu zuten eta imaginatu ere ez nuen egiten metro gutxitara dagoen dendan sartuko zirenik, ezin zara fidatu". Atzo lanean ari zen langileak susmoa dauka lapurreta egin dutenak atzo dendan izan zirela "arratsaldean ezohikoak ziren bi pertsona ezezagun sartu ziren dendan eta denda goitik behera begiratu zuten".

Herrian gauez dagoen segurtasun falta salatu nahi izan dute, eta nahiz eta denuntzia jarriko duten, "sustoa eta norbere dendan sartu direla jakitea" ez dutela ahaztuko esan digute. 

Udalak gaueko zaintza indartzeko eskatu dio Ertzaintzari
Alkateak jakinarazi digu Bergarako baseko ertzainburuari gauetako zaintza areagotzeko eskatu diola,"Mendatan izandako lapurretaren ostean berba egin nuen Bergarako ertzainburuarekin eta adierazi nion beharrezkoa dela gaueko 01:00etatik goizeko 05:00ak bitartean herria zaintzea. Bilera egitekotan gaude neurriak adosteko eta joan zen astean herrira sartzeko mandoak entregatu zitzaizkien ertzainei". Udala gaiarekin "oso kezkatua" dagoela eta datozen egunetan ezarri beharreko neurriak adosten ahaleginduko direla adierazi digu. Ohartarazi du lapurretan gertatzen direnean salaketa jartzea komeni dela, ondoren Ertzaintzak erregistratutako salaketa kopuruaren arabera hartzen dituelako neurriak.

IMG_1333.jpgIMG_1332.jpg

 

 Goiara-1.jpg