Osasun arreta-gunea eraiki dute Haitin misio taldetik bidalitako diruarekin

Erredakzioa 2015ko urr. 26a, 10:10

Dumond3

Dumond Theodule apaizak gaur egunean Haitin bizi den egoeraren inguruan berba egin zuen eguenean kaperan eskaini zuen hitzaldian. Soraluzetik bidalitako diruarekin martxan jarri duten osasun arreta-gunearen berri ere eman zuen.

Ohartarazi zuen ustelkeria nagusi dela eta gobernuz kanpoko erakundeetatik bidaltzen den dirua apenas heltzen dela, "aurrez gobernuaren eskuetatik pasatzen baita". Misiolarien bitartez bidaltzen den dirua berriz zuzenean heltzen dela eta hainbat egitasmo martxan jartzeko balio izan duela aipatu zuen. Soraluzeko misio taldearen bitartez bidali izan den diruarekin jendea 24 orduz artatzen duen osasun arreta-gunea eraiki dutela jakinarazi zuen: "gainerakoan, osasun langileek grebak egin behar izaten dituzte ordaintzen ez dietelako".
Herrialdeak kanpoan bizi diren haitiarrek bidaltzen duten diruari esker egiten ei du aurrera. Domeka honetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin dituzte eta hamar egun barru jakingo da datozen urteetan zeinek gobernatuko duen bertan. Berrogeita bost hautagaik aurkeztu dute euren burua presidente izateko.

Dumond1

Dumond2