Bihar, zapatua, urriak 24, egingo du desafioa. 07:00etan abiatu eta 19:30erako bukatu nahi ditu lanak. Azkue-San Roke eta Karakate artean zortzi kilometro daude joan-etorrian, beraz, 72 kilometro egin beharko ditu guztira. 5.900 metroko desnibela igo beharko du, eta beste horrenbeste jaitsi.
Entrenamendurik ez zaio falta. Mendi lasterketa luzeetan zaildua da, eta iaz, sei aldiz igo zen Karakatera egun berean. Zazpi aldiz igotzea zen aurtengo asmoa, baina erronka gogortu eta bederatzira igo du kopurua.
Bazkaria eta argazkiak
50 minutu beharko ditu igoera bakoitzerako eta 25 jaisteko. Horri gehituko dizkio bazkaltzeko hartuko dituen 20 minutuak eta igoera bakoitzean aldamenean izango dituen lagunekin argazkiak ateratzeko denbora. Lagun horiek korrika ez ezik zapatuan egingo duten ospakizunean ere lagunduko diote. Erronka honek Elgoibarko kirolzaleak Karakatera gerturatzeko ere balioko du, aitzaki horrekin uste baino gehiago animatuko ei dira.
Jatorrizko albistea Elgoibarko Barren.eus orritik hartu dugu CC lizentzia askeari esker.