Hirigintza planaren onarpena zen atzoko ezohiko udalbatzarraren gai zerrendan zehaztuta zegoen lehenengo gaia eta "garrantzitsuena" ere bai. Halaxe adierazi zuen alkateak, plana alderdi guztien artean adostu izanagatik bere eskerrona adierazi ostean. EH Bilduren izenean Unai Larreategik ere poza adierazi zuen lortutako oniritziagatik eta aurreko legegintzaldian Hiart Arluziaga alkateak adostasun horretara heltzeko egindako lana goraipatu zuen, "estrategiak zehazteak burukominak ere badakartza eta ezadostasunak gainditzeko prozesuan bera izan da aktore printzipala".
Plana behin betiko onartua izan dadin, ingurugiroko memoria eta Lurralde antolaketarako batzordearen txostena jaso ostean, Aldundiaren oniritzia ere jaso beharko du.
Uraren agentziarekin elkarlana
Uraren euskal agentziarekin elkarlanean jarduteko protokoloa sinatzea onartu zuen udalbatzarrak, "ibaiari dagozkion lanetan batera lan egiteko aukera emango duena". EH Bilduren zinegotziak abstenitu egin ziren, hitzarmenarekin ados egon arren udal gobernuak brigada ibaia garbitzera bidaltzea ez zaielako egokia iruditu. Debemeneko 14 ordu Ezoziko parkea garbitzera bideratu izana kritikatu zuten, landa eremuko bestelako zereginetarako behar luketela argudiatuz. Alkateak bere aldetik, bizilagunen eskaerei erantzuteko hartutako neurria izan dela esanez arrazoitu zuen erabakia.
Ondoren, larrialdiko etxebizitza eskaria egin duen herritarrari esleitzea aho batez onartu zen eta herritar horrek berehala erabili ahal izango du Maisuen etxeko larrialdietarako etxbizitza. Taxiaren datorren urteko tarifak izozteko proposamena ere aho batez onartu zen.
"Baso bidez" egitasmoa eztabaidagai
Udal gobernuak proposatutako kreditu aldaketa udal gobernuko alderdien oniritziarekin onartu egin zen. Udal gobernuak Baso bidez egitasmoan Sagar errekako 3,2 hektarea gehitzeko aurreikusita zegoen hitzarmenaren aurretik landaketetan garbiketak egitea lehenetsi ostean. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, inbertsiotarako ziren diruak gastu korrienterako erabiliko direla argudiatuta. "Merezi al du garbiketak 2-3 hilabetetan aurreratzeak ikusita 3,2 hektarea berri gehitzea oztopatzen duela?" galdetu zuen Roke Akizu zinegotziak. Landa garapenerako sailaren ardura duen Jabi Garmendia zinegotzi jeltzaleak argudiatu zuen garbiketaren aurrerapena arrazoi teknikoengatik hartu dela eta adierazi zuen aldaketak landaketa berrien hitzarmena gauzatzeko hilabete batzuetako atzerapena besterik ez duela eragingo.
Hurrengo puntua, Lanbidek enplegua eta tokiko garapena sustatzeko proiektuak garatzeko eskumena Debabarreneko lurralde eremuaren esku uzteko hitzarmenari dagokiona aho batez onartu zen. Besteak beste, datozen hilabeteetan udalak hiru pertsona kontratatzeko deialdia egingo duela jakinarazi zuen alkateak. Horietako bi peoitzarako izango dira eta bestea berriz ingurumeneko teknikari lanerako.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza onartuta
Lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera arautzen duen ordenantza berria aho batez onartu zen (aurrekoa iraungita zegoen). Ordenantza berriak etxebizitzen barreneko lokalak etxebizitza moduan egokitzeko arauak zehazten ditu. Lehen bezala, etxebizitza bihurtzeko aukerarik ez dute izango herriaren alde zaharrean dauden lokalek hauek erabilera komertzialerako bakarrik bideratu ahalko direlako eta ezta oinarrizko baldintzak betetzen ez dituzten lokalek ere.
Eskari eta galderetan udalbatzarren maiztasuna eta hizkuntza berbetagai
Eskari eta galderei eskainitako tartearekin eman zioten amaiera atzoko udalbatzarrari. EH Bilduko Ainhoa Unamuno zinegotziak udalbatzarren maiztasuna zehaztu eta aurrez jakinarazteko beharra mahaigaineratu zuen, "bi hilean behin egin beharrean hilean behin egitea hobe ez" al den galdetuz. Alkateak bi hilabeteko maiztasunari eustearen alde egin zuen eta eguneroko jardunak behartuta aldaketaren bat egin behar denean garaiz abisatzen ahaleginduko direla adierazi zuen.
Unai Larreategik puntuen aurkezpenak euskaraz ematea eskertuko lukeela adierazi zion alkateari. Alkateak aurkezpenak gaztelera hutsez eta azalpenak euskaraz ematea hizkuntzen erabilera orekatzeko formula moduan erabili duela argudiatu zuen eta hori gustuko ez bada dena euskaraz eta gazteleraz egitera bueltatzeko asmoa adierazi zuen.