“Bluesa horixe baizik ez da, Blues. Grina, gogoa, indarra eta emozioa da,
erantzun zuen lasai-lasai zigarreta amaitzen eta hitzaren esanahia argitzen
saiatzen ari zen morroi zuri hari zeharka begiratzen ziolarik...”.
Guztiz agerikoa da, diskoko lehenengo gaia entzun eta gero, The Romanticos
taldea osatzen duten kideek ez dutela inolako laguntzarik behar beren
bigarren lan hau, “Do it yourself”, dotore eta bikain osatzeko.
Ibilbide berri eta kitzikagarria bluesean eta haren formetan barna. Izan
ere, taldearen lehenengo lan zoragarri haren ostean (“My Time, 2012),
aurrerapauso handia egin du oraingoan, eta genero honetara biltzen diren
taldeen artean lehenengo lekuetan jartzera iritsi da The Romanticos.
Talde-buru Iker Piris gitarra-jotzaile, abeslari eta konpositoreak, Xabier
Barrenetxeak (baxu elektrikoa) eta Carlos Sagik (bateria-jotzailea)
osatutako hirukoteak -bi gaitan Paul San Martinen pianoaz eta organoaz
lagundurik- mahai gainean jartzen ditu abesti zoragarriez ondutako diskoa
egin ahal izateko jakinduria eta talentua.
Ikerrek idatziriko “Helping Hand” printzipioen adierazpen ozenak, tradizio
oneneko rhythm and blues moldeko gaiak, egiten dio sarrera “Do it yourself“
lanari; ondotik datoz Ikerrek berak moldatutako “I miss you baby” klasikoa,
betiko “Rock this house” eta “Let me be” zirraragarria, Pirisen beste
harribitxia.
Taldeak omenaldia egiten die klasikoei “Stuff you gotta watch”, “Take a
Little walk with me”, “Reconsider baby” eta “Trouble in mind” bezalako
abestien bidez.
Generoa ezin hobe ezagutzen duela agerian utzirik eta guztiz modu
grinatsuan, konposizio-lan itzela garatu du Ikerrek “I´ll Cry”, “I Got the
mean”, eta “Shake your body” jump blues ezin biziagoa bezalako gaietan.
The Romanticos taldeak album osoa, erazkoa eta distiratsua osatu du,
zuzeneko emanaldietan grabatua. Talde bikainak lagundurik, Ikerren abesteko,
gitarra jotzeko eta musika konposatzeko dohain apartak hautemateko egokiera
eskaintzen digu albumak.
Horixe baizik ez da “Do it yourself”, Bluesa, grina, gogoa, indarra eta
emozioa, ez gehiago ez gutxiago.