Hassaniera, urduera, gaztelera, euskara eta beste hizkuntza batzuetako hiztunak batu ziren atzo antzokian egin zuten aurkezpen-ekitaldian. Pil-pileaneko dinamizatzaileak, Maialen Elizburuk eta Topagunekoak, Itsaso Lekuonak, proiektuaren nondik norakoen berri eman zuten. Ideia oso sinplea da: "Auzotarrak (euskaraz dakitenak) eta Auzokideak (euskaraz ez dakitenak) batu eta harremanduz, hizkuntza menderatzen ez dutenei euskal komunitatera hurreratzeko aukera ematea da". Astean behin batuko diren taldeak osatu eta dinamika ludikoak proposatuko dizkie, elkar ezagutu eta harremandu daitezen, beti ere euskaraz. Hain zuzen ere, aniztasunean eta bakoitzak bere hizkuntzari uko egin barik, euskara herritar guztien arteko komunikazio hizkuntza komuna bihurtzea da azken helburua".
Astean ordu t'erdiz elkarrekin
Azalpenen ostean, hari matazak banatu zituzten herritarren artean eta hari-sarea osatuta, bakoitzak bere burua aurkeztu zuen: "ni Aida naiz eta Saharakoa naiz; ni Oskar naiz eta Soraluzekoa naiz...". Gero, denak batera familiako argazkia atera zuten, "aniztasunean euskaraz bizi" leloa eskuetan hartuta. Amaitzeko, asteroko hitzorduak adostu zituzten. Bi taldetan banatuta batuko dira: martitzenetan 15:00etatik 16:30era eta eguenetan 18:30etik 20:00etara herriko antzokian. Dagoeneko hainbat herritarrek eman dute izena baina izen-ematea zabalik jarraitzen du: auzoko@pilpilean.com , tel. 943 751304 (Maialen).