Debegesa Garapen Agentzia arduratuko da diru-laguntzak bideratzeaz eta banatzeaz Debabarreneko eskualdean, Lanbideren entitate kolaboratzailea den aldetik. Guztira, 71.200 euro bideratuko ditu. Astelehenean, urriak 5, eskaerak aurkezteko epea zabaldu zen eta proiektuen aukeraketa eskaerak iristen diren ordenaren arabera egingo dira.
Lanbideren dirulaguntza deialdia
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak jarri du abian ekintzaileei laguntzeko deialdi berri hau. Diru-laguntza hauek, batetik, negozio-ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileei bideratuko zaizkie eta, bestetik, enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plana eginda duten ekintzaileei eta proiektu hori abian jartzeko behar diren jarduerak egin nahi dituztenei.
Debegesa Garapen Agentzia izango da Debabarrenean diru-laguntza horiek bideratu eta banatuko dituena, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua den aldetik, eta aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei. Hain zuzen ere, Debegesak 71.200 euro bideratuko ditu guztira.
Gainera, Debegesak formazio eta trebakuntza programa zehatz bat prestatu du onuradun izango diren ekintzaileei zuzenduta.
1.000 eta 1.500 euro arteko laguntzak
Diru-laguntzen kopuruari dagokionean, enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 gehituko dira eskatzaileek 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago badituzte (eskaera aurkezten duten unean), eta beste % 15 emakumeak badira.
Eskaerak aurkezteko epea astelehenean zabaldu zen, urriak 5, goizeko 9:00etan, eta azaroaren 9an amaituko da. Proiektuen aukeraketa eskaerak iristen diren ordenaren arabera egingo da, beti ere programak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte eta aurrekontu-kreditua agortu arte.
Debegesa.eus webgunean informazio osoa eta eskaerak aurkezteko eskaera-orria aurkituko dute interesa dutenek. Informazio gehiagorako: ekintzaile@debegesa.eus edota 943 82 01 10 (Vanesa Hortas).
Ekintzailetzaren sustapena
Lanbideren diru-laguntzez gainera, Debegesa garapen agentziak une oro informazioa eta doako aholkularitza eskaintzen die ekintzaileei empresa berrien sorreran laguntzeko. Halaber, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak eskaintzen dizkiei ekintzaileei, abalik gabe eta lehentasunezko baldintzetan, Debegesak hainbat bankurekin sinaturik dituen hitzarmenei esker.
Informazio gehiago nahi dutenek Debegesako enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas) edo ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatziz.
Iraupen-tasa altua
Negozio-ideia baten bideragarritasun azterketa egitea pauso garrantzitsua eta ezinbestekoa da enpresa bat sortzerako orduan, eta beharrezkoa enpresa berri baten iraupena ziurtatu nahi bada.
Oro har, enpresen iraupen tasa, enpresa sortu eta handik 5 urtera, %50 baino gutxiagokoa izaten da. Debegesaren laguntzarekin sortu diren enpresen kasuan, baina, zifra hau %82ra igotzen da. Iraupen-tasa altua da oso, hein handi batean, Debegesak negozio-ideien bideragarritasun analisia egiterako orduan ezartzen duen exijentzia maila altuarengatik. Exijentzia maila honek enpresen eta enpleguaren etorkizuna bermatzea bilatzen du.