Begisarek, Gipuzkoan Erretinosi Pigmentarioak Eragindakoen Elkarteak, ikusmen murriztua ezagutera eman, Erretinosi Pigmentarioak ikusmenean sortzen dituen zailtasunen inguruan sentsibilizatu eta "Ikusmen Murriztua Dut" bereizgarria aurkezteko asmoz hitzaldi bat antolatu du Elgoibarren. Hitzaldia urriaren 8an, eguena, 18:00tan izango da Elgoibarko Kultur Etxean.
Ikusmen murriztua zeri esaten zaion
Ikusmen murriztua du, alde batetik, inolako zuzenketa optiko edota tratamendu farmakologiko edo kirurgiko egokia erabiliz hobetzerik ez dagoen ikusmen-gutxitze larria pairatzen duen eta, beste alde batetik, aurrekoaren ondorio gisa egunerokotasunaren berezko jarduerak burutzeko ezintasuna duen gizon-emakumeak. Ikusmen murriztua eragiten duten gaixotasunek, besteak beste, endekapen-makularra, Erretinosi Pigmentarioa, aniridia, kornean orbainak, erretinopatia diabetikoa, glaukoma edo zain optikoan arazoak, ikusmen narratsa edota erdiguneko, ikusmen-periferiko naiz ikuseremuaren zati baten galera bezalako sintomak erakartzen dituzte.
Estatu espainiarrean 980.000 pertsona inguruk ikusmen-urritasunen bat du; horietako 60.000 itsuak diren bitartean gainerako 920.000 gizon-emakumeek, biztanleriaren %2,1ak, ikusmen murriztua dute.
Gizartea sentsibilizatzeko beharra
Ikusmen-urritasuna gertutik ezagutzen ez duen pertsona askok pentsatzen dute ikusmena izaten den edo izaten ez den zerbait dela. Uste dute, gainera, ikusteko zailtasuna beti zuzen daitekeela betaurrekoen edo ebakuntzen bidez. Bada, Begisarek, Gipuzkoan erretinosi pigmentarioa dutenen elkarteak, erakutsarazi nahi du badagoela beste multzo bat. Multzo horretan sartzen dira ikusmen murriztua duten herritarrak. Oraingoz, inolako betaurreko, tratamendu edo ebakuntzarik ez dute asmatu horien ikusmen arazoak gainditzeko. Itxura batean bizitza normala egiteko gai izan arren, eguneroko jardunean zailtasun ugari izaten dituzte. Horiei aurre egiteko asmoz jarri du martxan Begisarek Ikusmen murriztua dut kanpaina.
Ikusmen murriztua dut bereizgarria
Begisare ikusmen-urritasuna duen pertsona ikusgarri egiteko sistema bat asmatzeko lanetan hasi zen, elkar-ulertzea erraztu eta giza-interakzioa hobetzeko asmoz, hain zuzen ere, ikusmen murriztua duen pertsona bezala identifikatzea lortzeko.
Horrela, 2013ko abenduaren 17an Ikusmen murriztua dut bereizgarria sortu zuten; berau txapa edota besoko gisa erabil daiteke eta Ikusmen murriztua dut leloaz gain begi berde baten bitartez irudikatzen da.
Bereizgarriaren hedapena internet eta sare-sozialak medio hasi zen; hain zuzen ere, www.tengobajavision.com web-orrialdean kokaturiko bideo adierazgarri bat ardatz gisa hartuz: