Aurtengoak ez omen zuen sagar-urtea izan behar. Joan zen urtean sagar asko izan zen eta berez bi urtetik behin izaten suertatzen denez uzta handiagoa, aurten ez zen espero sagar ale askorik. Baina, hara non, baserrietako sagarrondoak sagarrez bete dira udazkenerako. Argate baserrian esaterako sagardoa eta zukua egiteko aprobetxatu dute.
Lagunartean, artisau erara
Orain dela sei urte inguru ekin zioten Argaten sagardoa egiteari. Berrogeiren bat sagarrondoz osatutako zuhaiztia dute eta sagar-urtea suertatu zen batean pentsatu zuten sagardoa egitea. Galiziatik ekarritako tolare txiki bat, baserrian arbia xehetzeko zegoen makina, altzairu inoxidablezko kupela eta botilak prestatu eta egin zuten lehen aldiz sagardoa. Ordu ezkero, gehiago edo gutxiago, urtero estutu dute tolarearen tornua sagarrari zukua atzeratzeko.
Etxekoak, senideak eta lagunak parte hartzen dute sagardogintza lanetan. Auzolanean eginez gero, asko arintzen omen da lana. Normalean pare bat egun hartzen dituzte prozesua burutzeko: bat sagarrak batzeko eta beste bat xehetu eta tolarean pasatzeko. Etxerako ekoizpenaz gain, sarritan senide edo lagunendako ere egiten dute sagardoa. Hain zuzen iraileko bigarren asteburuan egin zituzten 400 litroak lagunendako izan ziren (Mendotz baserrirako).
Sagardoa martxoan
Sagardotarako bideratuko den zukua kupeletan sartu zuten zuzenean eta hantxe egongo da datozen lauzpabost hilabeteetan. Ondoren, otsailean edo martxoan, dagoeneko sagardo bihurtuta dagoenean, kupeletik botiletara pasatuko dute, botiletan ondu dadin. Dena ez ordea botiletan sartuko, txotxetik ere ihes egingo dute litroren batzuek.