Hogeiren bat baserritar, artisau eta kultur-eragile batu ziren atzo udaleko eta Debemeneko ordezkariekin batera. Ordubete inguru iraun zuen bileran, ohiko kontuen berri eman zuten lehenik: azokan herriko eragileek bakarrik parte hartu ahal izango dute, izena emateko Debemenera deitu beharko da (tel. 943 74 40 67), aurten bazkaria Txurruka jatetxean egingo da eta dietak berdin mantenduko dira (90€ postuetarako eta ganaduzaleena kasuan kasu erabakiko da).
Berrikuntza-proposamenak
Hainbat berrikuntza-proposamen ere jaso ziren: Batzoki jatetxeari azokako bazkariak antolatzeko aukerarik izango lukeen galdetzea, omenduko diren baserritar bikotea beharbada noizbait bi emakumezko izatearen egokitasuna, azoka-gunean espazio gehiago libratu eta Erregetxean bertan jan-edana eskaintzea etab. Azken puntu hauek izan ziren zeresan gehien eman zutenak, azoka-gunea jendearendako erakargarriago zela egin eztabaidatu baitzuten eragileek. Tablatu baxua eta haima jarrita espazioa aurreztea, eta sagardo kupel bat jartzea izan ziren komentatu ziren aukeretako bi.
Bestalde, Gaztañerretan izan ohi diren bestelako zenbait ekimen antolatzeko asmoa ere adierazi zuten hainbat eragilek: talo-ikastaroa (Pil-pilean), poesia emanaldia (Gaztetxean), sagardoa egiteko makinarekin erakustaldia (Alkarrekineko jasangarritasun taldea), liburuaren aurkezpena (Soraluze 1936), albaitari baten hitzaldia (Belaitz) etab.
Udaletxeko ordezkariek, Jabi Garmendia landa garapenen zinegotziak eta Iker Aldazabal alkateak, aurtengo ediziorako proposatutako berrikuntzok aztertuko dituztela ziurtatu zuten. Datorren urteko azokari begira, berrikuntza proposamenak lantzeko asmoa dutela adierazi zuten.