Belaitz Hornigaiak etxeak ekintzaileen bigarren saria jaso du

Erredakzioa 2015ko ira. 23a, 12:56

belaitz1

Belaitzek bigarren saria lortu du Debabarreneko Ekingune elkarteak antolatutako On Ekin lehiaketan. Zerbitzuak lehen sektoreko ekoizleei eskaintzen dien hurbiltasuna eta kalitatea azpimarratu ditu epaimahaiak.

Iraitz Ibarzabal eta Isa Camacho soraluzetarrek "Baserria ere barne produktu gordina da" egitasmoarekin lortu dute hamar hautagairen artean Ekinguneren bigarren saria irabaztea. Sei hilabetetan zehar, debalde izango dituzte Ekingune elkarteko bazkide izateko kuotak. "Negozioaren idea pentsatua dago lehenengo sektoreko ekoizleei bizimodua errazteko, zeinak herritarrek egunetik egunera hobeto baloratzen dituzten, merkatura ekartzen dituzten produktuen kalitateagatik. Hurbiltasuna eta kalitatea eskaintzen dute lehengaietan, inora mugitu beharrik gabe, etxerako zerbitzua ere eskaintzen baitute, mugikortasun arazoak dituzten bezeroen onurarako".
Apirilean jarri zuten martxan Belaitz eta Iraitzek eta Isak gustora jaso dute saria. Egindako lanaren aitortza delako eta egitasmoa ezagutarazten lagunduko duelako.
Lehenengo saria Eibarrera
Lehiaketaren sari-banaketa uztailean egin zuten Eibarko jatetxe batean hautagai guztiekin egin zuten afariaren ostean. Lehenengo saria, 1.235 eurokoa, Eibarko WAM egitasmoarentzako izan zen. Egitasmo hau diseinu grafikoan, ikusentzunezkoetan eta oihalgintzan diharduten hainbat enpresen (Anemona Studioa, Sortumedia S.L. eta Li&Co) bategitetik sortu da, "street" modan ekarpen ezberdina eta berezitua egiteko asmoarekin. Hirugarren saria Ermuko "Speak&Learn" Babblink egitasmoak jaso zuen, zeina tresna informatikoa den, hizkuntzak ikasi nahi duen jendea mundu mailan harremanetan jartzeko. Egitasmo honek sei hilabetean zehar Ekinguneko webgunean doan iragartzeko aukera izango du. Gainerako zazpi hautagaiek diplomak jaso zituzten.