Triskel herboristerixak ateak zabaldu ditu

Erredakzioa 2015ko ira. 11a, 13:01

Triskel2

Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak Triskel herboristerixak. Maite Dominguez Etxaniz, 22 urteko soraluzetarrak Errebalen zabaldu duen dendak. Parafarmazia, dietetika eta herboristeria produktuez gain, aholkularitza pertsonalizatua ere eskainiko dietista ikasketak eginak baititu Gasteizen.

 

Triskel0 1

Zela hartu duzu denda zabaltzeko erabakia?
Betidanik gustatu izan zait dendari mundua eta pertsonekin hartu emana izatea. Zaletasun hau nere tiok Galizian, Santiagon, daukan tankera berdineko dendatik datorkit. Nik banuen barruan denda eta produktu naturalen inguruko zaletasuna eta azken bultzada tiori zor diodala esan daiteke. Asko lagundu zidan bertan bi hilabete lan egiteak. Horrez gain, nire gurasoen laguntza izan dut eta osagai guzti hauek bateratzearen ondorioz sortu da Triskel denda.
Nondik dator Triskel izena?
Nire tioren dendak ere Triskel du izena eta hortik dator nirea ere. Triskel-a natura, bakea eta emozioak bateratzen dituan ikur Celta bat da.
Triskel3

Zer eskaintzen duzue dendan?
Era guztietako produktuak egongo dira; parafarmazia, dietetika eta herboristeria produktuak. Gainera enkarguz ere lan egingo dut, hau da, bezeroren batek dendan ez daukadan zerbait lortu nahiko balu, aukera hori badago.
Azpimarratuko nuke momentu honetan Euskal Herrian BDIH (kosmetika naturalaren ziurtagiri gorena) zigilua duen denda bakarra izango naizela. Espainian beste bi lekutan bakarrik aurki daiteke zigilu hau; Galizian eta Leonen. Aipatutako zigilu honek bermatzen du salgai dauden produktu guztiak petrokimikorik eta osagai sintetikorik gabe eginak direla.
Produktuen artean kremak, ilerako xaboia, gelak, gorputzerako olioak, janaria, umeendako esnea, hortzetako pasta, ilerako tinte naturalak, eguzkitarako kremak, aurpegi eta ilerako kremak, elikagaiak etab aurkituko ditu datorrenak.
Aholkularitza pertsonalizatua ere eskainiko duzu?
Interesa duenak dieta eta elikagaien inguruko informazioa jasotzeko aukera izango du. Elikagai naturalak izango dira salgai eta guzti hauen inguruko aholkularitza zerbitzua eskainiko dut.
Elikadura zaintzearena moda izatetik zerbait ohikoa eta normala izatera igaro den kontua da. 
Zelako harrera espero duzu herrian?
Oso harrera ona espero dut. Zerbait berritzailea dela uste dut eta era honetako produktuak lortzeko aukera egongo da herritik atera gabe. Produktu asko egunerokoak dira, elikagaiak adibidez; gailetak, zerealak, pasta.... eta uste dut gorakada izan dezakeen sektore bat dela hau. Herrian pertsona asko ari zait galdetzen azken esteotan ea noiz zabalduko dudan, zer egongo den bertan, etab; interesa sortu dela somatu dut.
Momentuz izan dudan esperientziak erakutsi dit adin tarte guztietako pertsonak hurreratzen direla horrelako dendetara, gazteetatik hasi eta adinekoetara arte. Prezioak ere pertsona guztiendako modukoak dira, ez dira produktu garestiak eta horrek ere jendea gerturatzera eta probatzera animatuko du.
Triskel1

Triskelekin kontaktuan jartzeko zein bide erabili ahalko ditu bezeroak?
Dendan telefono finkoa dut 943 507850 eta telefono mugikorra ere izango dut laster batean, kontsultak whatsapp bidez jasotzeko eta. Horrez gain, facebook kontu bat ere zabalduko dut, harremanetarako eta promoziorako erabiliko dudana.
Gaur egunean zela funtzionatzen dugun ikusita ezinbestekoa da bitarteko horiek eskura izatea. Modu horretara komunikazio azkarra lortzea espero dut.
Dendako ordutegia honakoa izango da:
9:30-13:30 / 16:30- 20:00 astelehenetik-ostiralera.

9:30-13:30 zapatu goizetan.