Alkateak biktimak oroitzeko bileran parte hartuko du bihar

Erredakzioa 2015ko ira. 3a, 16:58

Jaurlaritza

Alkateak baieztatu digu, Jaurlaritzaren gonbidapena jaso duela, bihar, Bilbon, beste 127 udaletako alkaterekin batera, 1960 eta 2010era bitarteko biktimak oroitzeko egingo den bileran parte hartzeko, eta bertaratzeko asmoa duela.  

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta herri hautagaitzetako alkateek parte hartuko dute biharko biltzarrean "PPk agintzen duen udalerrietan ez da hildakorik egon eta alderdiak ez du parte hartuko". Jaurlaritzaren asmoa da azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, herri horietan ekitaldiak egitea biktima guztiak batera gogoratzeko, eta udalei proposatuko die biktimak gogoratzeko espazioak izendatu eta plakak jartzeko.

 

Indarkeriaren ondorioz bizia galdu dutenen memoria gorde eta aitortza ekitaldiak bultzatzea. Horixe eskatuko die bihar Iñigo Urkullu lehendakariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 128 udaletako alkateei. Bilboko Artxibategi Historikoan dute hitzordua, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua eraikiko den eraikinean. Topaketan, 1960 eta 2010 bitartean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrazoi politikoengatik hildakoak biltzen dituzten 128 liburuxka banatuko zaizkie alkateei. Eusko Jaurlaritzak egindako azterketaren arabera, 572 dira ETAri eta Komando Autonomo Antikapitalistei leporatutako hilketak, 61 GAL, BVE eta Triple Ari leporatutakoak, 58 segurtasun indarrei, eta beste hamaseiren egileak argitu gabe edo zalantzan daude oraindik. Guztira 707 kasu bildu dituzte.

 

BERRIAk galdetuta, EAJ, EH Bildu eta PSEko zenbait alkatek euren iritzia eman dute irakurri gehiago.

 

[EAE mailako informazioa Berria.eus-etik jaso dugu Creative Commons lizentzia baliatuz]