Udaltzaingoak jakinarazi digu joan zen barixakuan narkotikoetako brigada sartu zela Sagar Errekako Joansa tailerraren gaineko solairuan. Han ei zegoen negutegia.Eraikina Topinburu enpresarena da, Joansaren lehen bi solairuak izan ezik, eta atxilotuek alokairuan hartuta zuten hirugarren solairu osoa. Alkateak adierazi digunez, barixakuan jakinarazi zioten epailearen aginduz sartuko zirela. Lehenago udaletxean jarduera baimena eskatzeko informazio eske izan ei ziren baina azkenean ez ei zuten ezelako baimenik eskatu. Auzokideekin eta azpian zituzten tailerren jabeekin ere izan omen zuten arazoren bat edo beste, euren arteko borrokaren baten arira bizilagunekin, eta goiko solairutik ura jausi zelako azpiko tailerrekoekin. Obarreko langileak kontatu digunez, goiz batez tailer guztia urez beteta topatu zuten: "udaltzainekin joan ginen zer gertatzen zen ikustera eta harek ez zeukan aroztegiaren antzik, foko eta bentiladoren beteta zegoen eta. Beranduago konturatu ginen uraren kontagailurik ere ez zutela eta ordaindu barik lapurtzen zutela".
Marihuana eskala handian ekoizteko erabiltzen zuten plantazio bat atzeman du Ertzaintzak herriko industria pabiloi batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean adierazi duenez, uzta bakoitzeko batez beste 2.400 landare ekoizten zituzten. Lau lagun inputatu ei dituzte.EITB.eus-ek jakinarazitakoaren ostiralean egin zuen operazioa Ertzaintzak. Epailearen aginduz, industria pabiloi bateko hirugarren solairuan sartu ziren agenteak, eta negutegia topatu zuten bertan.
400 metro koadroko gunea segurtasun kamerez zainduta zuten eta hainbat gelatan banatuta. Marihuana eskala handian ekoizteko elementu guztiak zituzten.
Gainera, Ertzaintzak gerora jakin zuenez, argindarra modu irregularrean hartuta zuten.
Agenteek ez zuten marihuana landarerik topatu miaketan, baina hainbat kimu aurkitu zituzten lur zaku batzuetan. Ikertzailarien arabera, uzta bakoitzeko 2.400 landare ekoizten zituen orain desegin duten taldeak.
Albistearen iturria: EITB.eus
Albistea medioetan:
http://www.europapress.es/nacional/noticia-ertzaintza-desmantela-invernadero-plantacion-marihuana-soraluze-gipuzkoa-imputa-cuatro-personas-20150818110157.html