San Roke jaiak giro onean joan dira [Ikusi argazki albuma]

Erredakzioa 2015ko abu. 19a, 07:57

San Roke jaiak-63

Oso giro onean joan dira San Roke jaiak. Ekitaldien inguruko informazioa eta argazkiak jaso ditugu ondorengo lerrootan. San Roke txiki eguneko argazkiak dira azkenengo gehitu ditugunak.

San Roke ermitatik elizara egindako prozesioarekin hasi zen San Roke eguna, eta ostean, tortila lehiaketa egin zen Plaza Zaharrean. Aurreko egunean Erandioko musika bandak kontzertua eskaini zuen eta Udalak plaka bat oparitu zion bandari, sortu zeneko eta Soraluzera datozeneko 50. urteurrena bete dela eta, eskerrona adierazteko.

San Roke Jaiak-39

San Roke Jaiak0

Atzo Erandioko bandak egin behar zuen kalejira bertan behera gelditu bazen ere, plazan haimak ipini eta aterpean kontzertua eskaini zuten, urtero moduan. Amaieran, Udalaren izenean alkateak plaka bat eman zion bandako zuzendariari, herriko alde zaharraren grabatua duena, 50 urtean zehar herrira etorri izana eskertzeko, justu banda sortu zela 50 urte beteko diren urteurrenean. Eguerdian bezala, iluntzean ere jende mordoxka ibili zen kalean.

San Roke Jaiak-15

Prozesioa San Roketik elizara
Fededun kristauek aspaldiko ohitura duten moduan, aurten ere hogeitamarren bat lagunek San Roke santua ermitatik elizara bajatu dute prozesioan. Goiztiarrenak goizeko 07:30ean abiatu dira herritik San Rokeren ermitara. 8:30Ak aldera ermitan meza labur bat entzun ostean, bokadutxoa eta tragoxka hartu eta herrirako bideari ekin diote. Besteak beste, berrogeitahiru urtean andero moduan – santua bizkarrean garraiatzen dutenei esaten zaie anderoak - ibili zen Ventura Mendizabal Etxabe, laurogeitamar urteko aitita, jatorriz Itziartarra dena. Lehengo sasoirik izan ez arren, metro batzuetan santua bizkarrean eramateko gutizia bete du gaur ere. Ezoziko baselizan geldialdi labur bat egin eta 10:00ak alderako heldu da prozesioa helmugara. Pilarika egunean - urriaren 12an - berriz ermitara jaso bitartean, elizan izango da San Roke.

San Roke Jaiak-56

Corchero&Laskurain bikotearen tortilak garaile
Purificacion Corchero eta Ana Rosa Laskurain bikoteak prestatutako tortilek -arruntak eta bereziak- irabazi dituzte gaurko lehiaketako sari nagusi biak. Iñaki Iñarra eta Abel Olaizolak jaso dute bigarren saria eta Carlos Maridueña eta Cristina Moralesek hirugarrena. Guztira hamar bikotek parte hartu dute lehiaketan.

Gauean Trio Basaur eta biharamunean San Roke Txiki
Domeka gauean Trio Basaur taldeak emanaldia eskaini zuen 23:00ak aldera. Biharamunean, San Roke Txiki eguna ospatu zen, ezusteko eta guzti. Lehenengo zezenak ihes egin baitzuen Gabolatsen zehar. Zezenak, trikitilariak eta txaranga izan ziren entretenigarri egun osoan zehar. Eguraldi eta giro ona izan ziren egun guztian zehar.