Zuzenketa: kultur elkartea da eta ez meskita

Erredakzioa 2015ko uzt. 21a, 10:20

Zer-berri-meskita-5

Abdemalik Samadi elkartearen legezko ordezkariak argitu nahi izan digu herriko komunitate musulmanak Mendiola industrialdean zabaldu duen egoitza "kultur elkarte arabiarra dela eta ez meskita". Beraz, Pil-pilean aldizkarian eta Plaentxia.eus-en argitaratu genuen izendapena ez da zuzena. Essalam izeneko elkartea - "bakea" arabiarrez - elkarte kultural moduan ei dago legeztatuta, eta euren helburua "herriko komunitate musulmanaren elkargune izatea da. Soraluzen 80 familia musulmandar inguru bizi dira eta ona eta logikoa da herrian elkargune bat izatea. Egoitza industrialdean zabaltzea erabaki genuen herrian inori inolako oztoporik ez eragitearren". Etorkizunean ere musulmandar komunitatearen bilgune izaten jarraitzeko asmoa dutela adierazi digu Samadik.

 

Ramadana hastearekin batera, orain hilabete inguru, herriko komunitate musulmanak kultur elkarte arabiar-islamiarra den Essalam egoitza zabaldu du Mendiola industrialdean. Gustora daude, herrian bertan errezurako eta ospakizunerako lekua dutelako, "orain arte inguruko herrietara joan behar izaten genuen, gauez. Orain herrian bertan daukagu lekua, Eibartik etortzen da Imana eta oinez, arazorik gabe, joan gaitezke errezatzera". Hainbat naziotasunetako pertsonak batzen dira bertan. Gehienak marokoar jatorrikoak dira, baina badira sahararrak, pakistandarrak eta bangladeshtarrak ere. Jatorri ezberdineko musulmanen topalekua da meskita.

Ramadanak iraun duen bitartean egunero 100 bat lagunek jo dute bertara errezu eta jatorduak egitera (70en bat gizonezko eta 30en bat emakumezko). Ramadan garaia ospakizun garaia da musulmanendako, "kristauendako gabonak diren moduan". Egunean zehar barau egin dute, gero gauez elkarrekin jateko. Umeak eta nagusiak salbuetsita daude, eta haurdun dauden emakumeak ere bai. Emakumeak eta gizonak banatuta errezatzen dute, bakoitzak solairu batean, oinutsik eta "txilaba" jantzita. Joan zen barixakuan amaitu zen aurtengo ramadana.  

Zer-berri-meskita-1

Zer-berri-meskita-6

Zer-berri-meskita-4