EAJ eta PSE-EEk osatuko dute gobernu batzorde berria

Plaentxia.eus 2015ko uzt. 10a, 11:15

Udalbatzarra1-11Atzo arratsaldean egin zen udalbatzarrean onartu zuten 13 batzorde informatzaile eratzea eta hauen gidaritza udal gobernua osatuko duten EAJ eta PSE-EEren artean banatzea. Horrekin batera alkatearen jardun osoko liberazioa eta soldata ere onartu zituzten. EH Bilduri "desproportzionatua" iruditu zaio alkateari ezarri zaion soldata.

Udalbatzarra1-2Idazkari berriari harrera eginez hasi zuen Iker Aldazabal alkateak gidatu zuen lehenengo udalbatzarra. Orain bi legegintzaldi idazkari lanetan jardun zuen Itziar Sagastagoia atxondoarrak ordezkatuko du azken lau urteotan idazkari lanetan jardun duen Daniel Salazar eibartarra.
Udalean izango diren hiru talde politikoen aipamen ofiziala egin ostean, batzarreko lehenengo bozketan datozen lau urteotan udalbatzarrak bi hilean behin, aukeratutako hileko lehenengo eguaztenetan arratsaldeko 19:00etan egitea onartu zen, EAJ eta PSE-EEren aldeko sei boturekin. EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren. Unai Larreategik (EH Bildu) bere kexua azaldu zion alkateari aurrez udalbatzarrean landuko ziren proposamenen inguruko informaziorik jaso ez zutela eta.

Batzorde informatzaileak eta batzordeburuak
Batzorde informatzaileak eta berauek gidatuko dituzten batzordeburuak onartu zituzten. Tartean bi batzorde berri izango dira; Garapen ekonomikoari eta Herri lan eta mantenimenduari dagozkionak. Batzorde berriok eratuta arlo hauek indartu nahi dituztela azaldu zuen alkateak. Batzorde batzuei izena aldatzea ere onartu zuten; orain arte Euskara batzordea zena Hizkuntza politikarako batzordea izango da hemendik aurrera, Nekazaritza eta lurralde antolamendua izan dena Ingurugiro eta landa garapena, eta Gazteria zena Haur eta gazteria batzordea izango da.
Udalbatzarra1-9

Hauek izango dira datozen lau urteetan izango diren batzordeak eta gidatuko dituzten batzordeburuak:
Kontuak eta Ogasuna. Iker Aldazabal (EAJ).
- Garapen ekonomikoa, Industria eta Enplegua. Iker Aldazabal (EAJ).
- Pertsonala. Iker Aldazabal (EAJ).
- Hirigintza. Iker Aldazabal (EAJ).
- Herri lanak eta mantenimendua. Iñaki Rubio (PSE-EE).
- Hezkuntza. Nagore Zabala (EAJ).
- Kirola eta Kiroldegia. Ramon Gallastegi (EAJ).
- Hizkuntz politika. Nagore Zabala (EAJ).
- Kultura. Nagore Zabala (EAJ)
- Ingurugiroa eta Landa Garapena. Jabier Garmendia (EAJ).
- Osasuna, Gizarte Ongizatea eta Inmigrazioa. Patricia Borinaga (PSE-EE).
- Parekidetasuna. Patricia Borinaga (PSE-EE).
- Haur eta gazteria. Patricia Borinaga (PSE-EE)

Batzordeen banaketarekin batera eman zuen alkateak azken asteotan EH Bildurekin izandako elkarrizketen inguruko EAJren ikuspegia. EH Bilduri Alkarrekinen kudeaketa eta Euskara eta Parekidetasun batzordeen buru izatea eskaini ziotela berretsi zuen eta EH Bilduk alkatetza txandakatzeko egindako proposamenari ezezkoa eman ziotela EAJk alkatearen figura bakarra, alderdi bakarrekoa eta dedikazio osokoa izan behar duela uste dutelako. EH Bilduk aurkeztu zuen formula, bere horretan bete beharrekoa baino elkarrekin gobernua osatzeko borondatea neurtzeko modua zela iradoki zuen eta oztopoa "zuek erabaki eta guk bete" ikuspegia planteatu izana zela. Alkarrekinen kudeaketa euren ustez alkateari dagokiola adierazi zuen EH Bilduk, "alkatea delako horretarako astia eta dedikazioa duena". Patricia Borinaga PSE-EEko bozeramaileak ez zuen iritzirik eman nahi izan.

Udalbatzarra1-4

Bozeramaile batzordea, alkateordeak eta udalaz kanpoko organoetako ordezkariak
Bozeramaile batzordea osatzea izan zen hurrengo puntua eta berau alderdi bakoitzeko zerrendaburuekin osatzea erabaki zuten. Alkateordeen izendapenari dagokionez; lehen alkateordea Patricia Borinaga (PSE-EE) izango da, bigarren alkateordea Nagore Zabala (EAJ) eta hirugarrena Iñaki Rubio (PSE-EE).

Udalaz kanpoko organuetako ordezkariak ere izendatu zituzten, alkateak eta EAJ eta PSE-EEko zinegotziak izango dira gehienetan, mankomunitatekoan izan ezik. Bozketan alderdi bakoitzak bere hautagaiaren alde egin ostean, EH Bilduko Unai Larreategi izango da ordezkaria. Aurreko legegintzaldian ere, udal gobernutik kanpo zegoen alderdiko ordezkaria izan zen mankomunitateko ordezkaria, orduko hartan Iker Aldazabal (EAJ). Hauxe da onartutako ordezkaritza:

- Ur kontsortzioa. Iker Aldazabal (EAJ).
- Debemen. Jabier Garmendia (EAJ).
- Ikastetxea eta institutua. Nagore Zabala (EAJ).
- Debegesa. Iker Aldazabal (EAJ).
- Itxaropena. Patricia Borinaga (PSE-EE).
- Mankomunitatea. Unai Larreategi (EH Bildu).
- Eudel. Iker Aldazabal (EAJ).
- Elkarkidetza. Iker Aldazabal (EAJ).
- Sologoen. Iker Aldazabal (EAJ) eta Iñaki Rubio (PSE-EE).
- Mesedetako egoitza. Iker Aldazabal (EAJ) eta Lorea de Castro (EH Bildu).

Udalbatzarra1-8

Alkatearen liberazioa eta soldata
Alkatearen jardun osoko liberazioa eta soldata onartzea izan zen udalbatzarrean hartu zen azken erabakia eta eztabaida gehien eragin zuena ere bai. Alkateak urtean 57.000 euroko soldata gordina jasotzea onartu zuten EAJ eta PSE-EEren aldeko sei bozkarekin eta EH Bilduren kontrako bost bozkarekin. 
Iker Aldazabal alkateak adierazi zuen EAJk beti defenditu izan duela alkateak dedikazio osoa izan behar duela eta Markel Olano Ahaldun nagusi berriak onartu duen dekretuari jarraituz, herrietako alkateen soldatak izendatzeko ezarri diren zenbatekoak hartu dituztela kontuan soldata ezartzerako orduan "2.000-4.000 biztanle bitarteko herriendako ezarritako soldata 57.000 eurotakoa da eta horixe da ezarri duguna".

EH Bilduk gogor kritikatu zuen erabakia, "legala bai" baina dekretuan jasotako gehienezko kopurua "xentimo eta guzti" onartzea "derrigorrezkoa ez" zela egotziz. Soraluzeko familien batazbesteko errenta 33.000 eurokoa izanda eta %19ko langabezia duen herria izanik, urtean 80.000 euro ingurukoa izango den soldata gordina ezartzea "guztiz desproporzionatua" zela salatu zuen Unai Larreategik, eta azken urteetan egindako politika austeroearekin lortutako oreka apurtzeko arriskuaz ohartarazi zuen. Alkateak, urte amaiera bitarteko soldata ordaintzeko falta diren 13.000 euroak, aurrekontuko soberakinen kaxatik bideratuko direla jakinarazi zuen.

EH Bilduko Ainhoa Unamunok "bere burua ezkerrekotzat duen alderdia izanda" soldata hau
onartzea "sinesgaitza" iruditzen zitzaiola aurpegiratu zion PSE-EEri. Patricia Borinaga PSEE-EEko bozeramaileak alkateen soldaten inguruan "demagogia handia" dagoela eta eztabaidan sartzeko asmorik ez zuela adierazi zuen arren, EH Bilduri aurreko legealdian aholkulariari 22.000 euroko soldata eta aurrekontuetan alkatetzarako 40.000 euroko partida aurreikusi izana aurpegiratu zion. Unai Larreategi EH Bilduko ordezkariak argitu nahi izan
zuen aurrekontuetan aurreikusita zuten diru kopurua alkatearen soldata gordinari zegokiona zela, gizarte segurantzari egin beharreko ordainketak kontuan hartzen zituena eta orain ezarri den soldataren erdia suposatzen zuela, "nahikoa duina bera".

Azken puntuan alkateak jakinarazi zuen aurrerantzean, gardentasun neurri moduan, Alkatetzaren erabakien berri idatziz zuzenean zinegotziei helaraziko zaiela. Lorea de Castro EH Bilduko zinegotziak argitu nahi izan zuen aurreko legealdian ere zinegotziek eskura zituztela jakinarazpenok eta zuzenean ez bidaltzea lehengo idazkariaren erabakia izan zela.

Galdera erantzunen atalean alkatearen soldata izan zuten berriz eztabaidagai.

Soldataren inguruko argibidea

EH Bilduk aipatutako 80.000 euroko kopurua ez da zuzena. Idazkariak Plaentxia.eus-en galderari erantzunez argitu duenez, soldatak udalari suposatuko dion urteko kostu osoa 70.000 euro ingurukoa izango da, 57.000 euroko urteko soldata gordinari gehitu behar baitzaio udalak erakunde modura ordaindu beharreko gizarte segurantzaren zatia, gizarte segurantzaren beste zatia barne du dagoeneko.