Jai-egitarau betea izango da asteburuan San Andresen

Erredakzioa 2015ko uzt. 6a, 16:59

Txopo1

Barixakuan makala tentetu eta txorizo-probatzia egingo dute elkartean baina jaiei hasiera ofiziala zapatuan emango zaie, kanpai bueltarekin. Giza-proben erakustaldia, herri-afaria, Egan taldearen erromeria, Iñaki Ruizen omenezko mendi-lasterketa, bertsolariak, trikitilariak, auzotarren bazkaria eta bola-txapelketa izango dira besteak beste, asteburuko menuan. 

Datorren asteburuan ospatuko dituzte San Andres auzoko jaiak. Barixakuan makala tentetu eta txorizo-probatzia egingo dute elkartean baina jaiei hasiera ofiziala zapatuan emango zaie, eguerdiko kanpai bueltarekin. Arratsaldean, egitarau ofizialean jaso gabe dagoen arren, Asier eta Iñakiren omenezko pelota-txapelketako finalaurreko bi partiduak jokatuko dituzte, 17:30ean hasita eta ostean auzoko 8 gaztek giza-proba erakustaldia egingo dute 500 kiloko harriarekin. Gaueko herri-afaria Laja eta Lutxurdinok girotuko dute eta ostean, Egan taldea arituko da taulagainean. Aurtengoa Eganen azken denboraldia dela eta erabaki dute aurten azkenengoz auzora ekartzea. Herri-afarirako txartelak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 15 eurotan, San Andres elkartean. Afaritarako honakoa prestatuko dute: entsalada, bakailau tortila, saiheskia, postrea, kafea eta kopa.

Ruiz-en omenezko lasterketa eta bertso-bazkaria domekan

San Andres1

Domeka goizean Iñaki Ruiz omentzeko IV. lasterketa jokatuko da. Parte-hartzaileak goizeko 10:00etan abiatuko dira San Andres auzotik eta 21 kilometro luze eta 1000 metroko desnibela gainditu beharko dute, helmugara heltzeko. Izen-ematea www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke edo egunean bertan, 5 euro ordainduta. Lasterketaren ondotik hasiko dira pelota partiduak eta Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariek Unai eta Enaitz trikitilarien konpainia izango dute. Indarrak hartzeko bertso-bazkaria antolatu dute elkartean. Arratsaldean zezentxo eta poniak, eta bola-txapelketa izango dira gozagarri.

Auzokoen eguna, astelehena

Auzokoen egunean, astelehenean, meza, umeendako jolasak, emakumeen bola-txapelketa eta bazkaria izango dira osagai nagusiak. Bazkarian auzotarra izan gabe ere parte hartu daitekeela jakinarazi dute antolakuntzatik eta izen-ematea 699193203 telefonoan egin daiteke. 

San Andres jaiak