"Domekakoa demokraziaren aldeko ekimena da eta joan beharra daukagu" Isa eta Xabier

Erredakzioa 2015ko eka. 16a, 00:54

IMG 6980

Domekakoa egun garrantzitsua izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar mugimenduarendako. Isak eta Xabierrek bi urte daramatzate herriko Gure esku dagoren lan taldean parte hartzen eta euren iritzia eman digute orain arte egindako bidearen eta egiteko dagoenaren inguruan. 

 

IMG 6986

Bi urteko bidea egin du Soraluzeko Gure esku dagok. Nabari da taldean giro ona daukazuela.
Xabier.:
Bai. Oso eskerronekoa da jendeak erantzuten duela ikustea.
Isa.:
Ideologia ezberdinetakoak izan arren oso ondo moldatu gara elkarrekin. Behin ere ez dugu izan eztabaidarik.

Zer lortu da eta zer dago lortzeko?

X.: Gauza asko. Plazentzian dauden ikuspegi ezberdineko jendea batzea lortu duen ekimena izan da. Herritarren parte bat batzea lortu dugu eta jendearen barruan kontu honekiko galdera bat ernetzea ere bai.

I.: Abertzaleen artean bai, hortik kanpo ez horrenbeste. 

Zergatik ez dira hurreratzen abertzaleak ez direnak?ez daude erabakitzeko eskubidearen alde?

X.:Nik uste dut momentu honetan aurrez aurre oso jende gutxik ukatzen duela hemen erabakitzeko eskubidea. Kosta egiten da ulertzea zela ukatu daitekeen halako eskubidea. Nik bikote batekin konparatzen dut. Zela ez du izango eskubiderik batak bestearengandik banantzeko gustora ez badago? Berdina da. Oinarrizko eskubide bat da.

I.:Beste kontu bat da alderdiak zer jarrera duten eta horrek gero herritarrengan daukan eragina. Baina orain herritarren ordua da, eta kontua da eskubide hori onartzen ez baduzu ez zarela demokrata. 

Beharbada Katalunian lortu dute abertzaleez haragoko jendea hurreratzea.

X.: Bai. Katalunian lortu dute abertzaleak ez direnak ere identifikatzea eskubide horrekin. Baina urte askotako lana dago horren atzetik. Pedagogia lan handia egin beharra dago hori lortzeko. Gatazka armatuak ere izango zuen eragina.

I.: Bai, gatazka armatuak eragin handia izan du hemen. Hala ere herrian lortu dugu mugimendua ezagutaraztea eta sinpatia bat sortzea. Jatera eta edatera jende asko hurreratu da, atxikimendua ematera ez horrenbeste.

Ba domekan Donostiara 300 soraluzetar eramateko asmoa duzue. Zergatik joan behar lukete soraluzetarrek Anoetara?

I.: Demokraziaren aldeko ekimena delako eta herritar moduan daukagun eskubidea geureganatu beharra daukagulako.

X.: Bermatu barik daukagun eskubidea da eta borrokatu beharra daukagu lortzeko.

IMG 6990