Gaur iluntzean, giza-eskubideak margotzera

Erredakzioa 2015ko eka. 12a, 12:15

SareGaur iluntzean Plaza barriko murala amaituko dugu eta parte hartu nahi duzuen guztiok aukera izango duzue margotzeko.

Horrekin batera, materiala saldu eta Sarekideak egiteko mahaia jarriko dugu Kalebarrenen.

Aste honetan bertan gartzelaratu dute Sabin Madrilgo Soto del Realeko espetxean. Hemendik aurrera, bere senide eta lagunek ehundaka kilometro egin beharko dituzte astero berrogei minutuz ikusi ahal izateko.

Dispertsioarekin amaitu nahi duen herritar mugimenduak herritarrei espazioak eskaintzen jarraituko dugu, hala nahi duenan giza-eskubideen aldeko jarrera erakusteko aukera izan dezan.

Sarekideon zeregina da, gure inguruan preso eta iheslariekin gertatzen ari denaren berri ematea eta horren inguruan berba egitea.

Aste honetan Gorka Fraile preso Durangarrarekin gertatzen ari dena esaterako:
"Gorka Fraile, preso politiko durangarra ospitalean dago atzo goizetik. Gaur ebakuntza egingo diote. Esposatuta daukate eta 4 poliziz inguratuta. Erlaxatuta ikusten dutenean, zarata egiten dute...mobilean abestiak edo bideoak topera ipini, zerbait lurrera bota edo hormetan kolpeak emanez... Familiak ikusi ahal izateko ere, dena pegak. Bisita baimena 4 ordukoa bada ere, atzo 30 minutu baino ezin izan zan familiarekin egon. Egoera hau salatu nahi dugu."

Denbora aurrera doa baina preso eta iheslariak gure agendan daude.

#DenonArteanLortukoDugu

SORALUZEKO SARE