2006az geroztik Soraluzen bizi den Angel Mario Fernandezek “Los hijos del corralito” (Tandaia, 2015) , bere azken nobela aurkeztu zuen atzo, udaletxeko saio aretoan. “Corralitoa” deritzona zer den azalduta ekin zion bere liburua aurkezteari eta nobelako pasarte bat irakurrita, gehiago irakurtzeko gogoz utzi zituen aurkezpenera hurbildutako lagunak.
2001. urtean Argentinak bizi izan zuen krisi ekonomikoa abiapuntutzat hartuta, orduan Argentinako lehendakaria zen Angel de la Ruak hartutako neurri finantziarioak lagatako ondorioak ditu aztergai nobela honek, kalean bizi behar izan zuten zazpi umeren ahotik kontatuta.
“Corralitoa” deitu zioten neurri horrekin bankuetako kontuak blokeatu zituen Argentinako gobernuak, eta gau batetik bestera, klase ertaineko biztanle gehienak baliabide ekonomikorik gabe geratu ziren. Ondorioz, lan-kaleratzeak, ordainezinak eta desjabetzeak ugaritu egin ziren, batzuentzat kalea bizitoki bihurtzeraino. Angel Mario Fernandezek kalean bizitzea tokatu zaien zazpi umeren istorioa kontatzen du “Hijos del corralito” liburuan, zeinaren bitartez, sasoi horretako Argentinako egoera sozio-politiko-ekomomikoa azaltzen ahalegintzen den.