Hezkuntza Proiektuko prozesu partehartzailea abiatu zenetik saio partehartzaileena izan zen larunbatekoa taldekideek azaldu dutenez. 50 herritar inguruk hartu zuten parte helduen saioan Bizkaiko Urtxintxa Eskolako eta Soraluzeko Hezkuntza Proiektuko lan taldeko dinamizatzaileek egokitutako taldetxoetan. Horien artean 12 inguru kanpotik herrira etorri direnentzako itzultzaileekin eta dinamizatzaile gehiagorekin egokitutako taldean aritu ziren. Haurren saioan, berriz, 60 bat haurrek hartu zuten parte Kukumixoko Hezitzaileek Txatxilipurdikoen laguntzaz prestatutako Ginkana Erraldoian.
Lan-taldean balorazio formalik oraindik egin ez duten arren, "sentsazioak oso positiboak izan zirela" azaldu dute. Larunbateko saioak herritarren ekarpenak jasotzea zuen helburu eta gai zehatzetan sakontzeko denborarik izan ez zen arren arlo guztietan izan ziren proposamen berriak.
Hezkuntza proiektua eta plan estrategikoko dokumentuak larunbateko ekarpen guztiekin osatu ondoren datorren irailetik aurrera martxan jartzeko plangintza bat proposatuko dutela gaineratu dute Hezkuntza Mahaiko kideek. Hala "irailetik aurrera orain arte maila teorikoan landutakoa praktikan martxan jartzen hasiko gara". Gainera orain arteko prozesuan gehiago sakontzeko aukerarik izan ez duten gai horiek lantzeko ere hartuko dute denbora hurrengo ikasturtean.
Larunbateko saioa luntx batekin bukatu zuten parte-hartzaile guztiek giro onean.